Hezkuntza eragileekin bildu zen atzo Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria, eta horren inguruko iritzia eman du gaur, Hezkuntza sailburu moduan eman duen lehen prentsaurrekoan. Bildarratzen hitzetan, kargua hartu zuenetik azpimarratu du hezkuntza komunitatearekin eduki beharreko harremanaren balioa. Gaineratu du atzo izandako bilera sorta ez zela sindikatuekin soilik izan: baita gurasoekin, zuzendariekin, langileekin eta abarrekin ere. Eragile guztiekin kontaktuan jartzen saiatu behar dela nabarmendu du Bildarratzek. «Egoera honetatik guztiok elkarrekin aterako gara aurrera».
Bildarratzek ez du begi onez ikusten hilaren 15erako ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzarako egin duten greba deialdia. "Azkenean, zerbait eransten dio hezkuntza sistemari? Uste dut ez diola ekarpenik egiten". Gaineratu du bere ustez "zaurgarrienei" eragingo diela gehien grebak. "Uste dut momentu honetan ikasleei eta gurasoei mesede gutxien egiten diena greba bat dela". Berak, berriz, elkarrizketaren alde egiten duela ziurtatu du: "Nik sindikatuei elkarrizketa eskaini diet". Gainera, jantokietarako protokolo berri bat egin dutela azaldu du, eta beste mila irakasle kontratatzeko asmoari eusten diotela nabarmendu.
Kristau Eskola, hitz egitearen alde
Kristau Eskolak ohar bidez sindikatuei eskatu die Hezkuntza Sailarekin hitz egiten jarraitzeko. "Konfrontazioa ikasgeletara eramaten denean, ikasleak eta familiak dira kaltetuenak". Kristau Eskola ere bildu zen Hezkuntza Sailarekin, eta baliabideak jartzeko asmoa erakutsi zietela esan dute: "Hezkuntza eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak ikastetxeen esku jartzeko sailaren borondatea adierazi zigun sailburuak".