Bildu: «Donostiako Udala bat dator proiektuarekin»

Zahartzaroaren Ikerketa Zentroa Donostian eraikitzeko «erraztasun guztiak» emango ditu gobernu taldeak

Donostia
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Donostiako Udalak erabateko sostengua eman dio Zahartzaroaren Ikerketa Zentro Nazionala Gipuzkoako hiriburuan kokatzeko proposamenari. Udaleko ordezkariek Zientziako eta Berrikuntzako Ministerioko lehendakari Cristina Garmendiarekin eta aholkulari Jorge Alemaniarekin bilera egin zuten asteartean, egitasmoaren nondik norakoak ezagutzeko. Asteazkenean bertan Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak gutun bat bidali zuen ministeriora proiektuaren aldeko jarrera azalduz.

Josu Ruiz udal gobernuko bozeramaileak adierazi duenez, udalari «oso interesgarria» iruditu zaio proiektua. «Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garrantzi handia dute osasunaren eta zientziaren inguruko ikerketek, eta zentro berri hau horrekin bat dator; izan ere, gure egoera demografikoa oso aproposa da horrelako egitasmoetarako, laster munduko herrialderik zaharrena izango baikara», azaldu du Ruizek.

Ministeriora bidalitako gutunean, gainera, Izagirrek eskaera egiten dio Garmendiari udalarekin elkarlanean aritu dadin. Horren harira, zentro berrian euskararen erabilera ziurtatu nahi du udalak. Halaber, hiriko beste ikerketa zentroak ere aintzat har daitezen proposatu du Izagirrek; besteak beste, Matia Fundazioa, zahartzaroaren alorrean hainbat proiektu burutzen ari baita.

Bestalde, oraindik erabat zehazturik egon ez arren, zentro berria Miramongo teknologia parkean kokatzeko asmoa dutela adierazi du Ruizek. «Lur saila ez da udalarena, baina berau eskaintzeko prest gaude, eta, gainera, bertan eraikitzeagatik ez dugu zergarik kobratuko», argitu du. Dena den, proiektua oraindik «lehen fasean» dagoela zehaztu du Ruizek. «Ez dakigu zenbat ikertzailek lan egingo duten bertan, ezta zentroa martxan noiz jarriko den ere; baina urte amaierarako proiektua itxita egotea espero dugu», aditzera eman du. Donostiako Udalak ministerioarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa du egitasmo hori aurrera atera ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.