«Bildu erabakigarria izango da Araban aldaketa lortzeko»

Idoia Zapirain da Arabako Aldundirako zerrendaburua, eta Kike Fernandez de Pinedo Gasteizko alkategaia

Arabako Biltzar Nagusietako eta Gasteizko Udalerako zerrendak aurkeztu zituen Bilduk. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne begiristain
Gasteiz
2011ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
«Maiatzaren 22ko hauteskundeetan subiranista eta independentista guztien babesa lortuta, Bilduk indarra izango du Araban». Gasteizko Udalera eta Arabako Foru Aldundira «aldaketa» ekarriko dituzten zerrendak aurkeztu zituen atzo Bilduk. «Araban aldaketa politiko eta soziala lortzeko, Bildu erabakigarria izango da». Halaxe azpimarratu zuen Lorena Lopez de Lacalle Bilduko hautagaiak Gasteizko Europa gizarte etxean egindako aurkezpenean.

Jendetza batu zenBilduren zerrenden aurkezpen ekitaldian. Bertan jakinarazi zuten koalizioaren alkategaia Kike Fernandez de Pinedo izango dela. Antxon Belakortu eta Itziar Amestoi izango dira beste zerrendaburuak. Foru Aldundirako zerrendetan, berriz, Idoia Zapirain ageri da zerrenda bateratuko buru gisa. Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatu ohia bigarren doa zerrendan, eta Gorka Ortiz de Ginea, hirugarren.

Araban, independenteek, EAk eta Alternatibak ez ezik, Araba Bai alderdiko kideek ere osatu dute Bildu koalizioa. Zerrendekin, Arabarren %95engana iritsiko direla adierazi dute. Guztien artean, Arabara «aldaketa» eramateko lan egingo dutela ziurtatu zuen Luis Maria Salgado Alternatibako kideak. Eta orain arte PSE, PP eta EAJren eskutik bultzatutako ereduari aurre egingo diotela azaldu zuen: «Aldaketarik nahi ez dutenek beldur digute ezkerreko independentistoi».

Lopez de Lacalleren esanetan, berriz, Bilduk «haize garbia» eramango du erakundeetara. Besteak beste, burujabetza fiskala bultzatuko dutela, Trebiñuren aldeko ekimenak sustatuko dituztela eta euskararen normalizazioaren aldeko pausoak emango dituztela agindu zuen. Halaber, Bilduk Arabako erakundeak Euskal Herriak bizi duen ziklo politiko berriaren sustatzaile izan daitezen lan egingo duela nabarmendu zuen.

«Bagatoz, eta geratzeko asmoz gatoz. Gasteiz iraultzera gatoz». Irmo mintzatu zen gero Fernandez de Pinedo Gasteizko Udalerako zerrendaburua. Azaldu zuenez, Gasteizko Udala gasteiztarrentzat berreskuratzea ezinbestekoa izango da Bildurentzat, bai eta gardentasuna eta parte hartzea bermatzea ere.

Ia 300 zerrenda

Bildu koalizioak, guztira, Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako 258 udalerritan aurkeztu ditu zerrendak maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako. Batzar Nagusietako barruti guztietara eta Nafarroako Parlamentura ere aurkeztu ditu zerrendak. Hala, Araban, 32 zerrenda aurkeztu ditu,Bizkaian 104 , Gipuzkoan 42 eta Nafarroan, 52. Hego Euskal Herriko biztanleen %90engana«modu orekatuan»iritsiko dela esan du ohar batean. «Horrek guztiak erakusten du euskal erakundeetara aldaketa politikoa eramateko helburua duen egitasmoak ilusio handia sortu duela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.