Alfonso Alonso PPk Espainiako Kongresuan duen bozeramaileak esan du Bildu eta Amaiur koalizioak legez kanporatzeko "kontagailua martxan hasi" dela, biek Auzitegi Konstituzionalak Sortu ezker abertzaleko alderdiari legezko izateko jarritako baldintzak urratu dituztelakoan.
Donostiako udal gobernuak —Bildu dago— euskal presoei buruzko dokumental bat diruz lagundu izana da Konstituzionalaren baldintzak urratu dituen gai bat, Alonsoren arabera.
Beste bat, Frantziako Poliziak gaur egindako atxiloketen harira Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak horiek "gatazkaren konponbidearen kontrako norabidean" doazela esatea. Poliziak ustezko bi etakide atzeman ditu.
Atzo Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak adierazi zuen Donostiako Udalak Barrutik begiratzeko leihoak dokumentala laguntzea Bildu legez kanporatzeko arrazoia dela. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak zioen "gehiegizkoa" dela mehatxua eta ez duela diru laguntza kenduko; gaur berretsi du eutsi egingo diola laguntzari.
Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak “zuhurtzia” eskatu du, eta sententziak “nolanahi” ezin direla ezarri ere aipatu du. “Kasu honetan zuhurtziaz jokatu behar da. Eta ezin da nahastu gai zehatz bat alderdi politikoen legalizazioarekin edo deslegalizazioarekin. Garrantzitsua da gai hauetan polemikatan ez sartzea”.
Larraitz Ugarte Gipuzkoako Aldundiko bozeramailearentzat, Espainiako Gobernua “oraindik antzinako errezetak ezartzen ari da ilegalizazioen mehatxuan. Eman ditzala gatazkaren konponbidearen norabidean pausoak".