EAJk aurkeztutako osoko zuzenketa bat onartu dute Bilduk eta EAJk berak 2014rako aurrekontuak onartzeko. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Josu Ruiz Bilduko udal taldeko bozeramaileak eta Eneko Goia eta Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziek agerraldi bat egin dute, akordioaren berri emateko.
Izagirrek nabarmendu du "arduraz" jokatu dutela eta "donostiar guztientzat albiste ona" dela akordioa. Halaber, iragarri du kontuak onartzeko udalbatza martxo hasieran egingo dutela.
Besteak beste, 1,8 milioi euro emango dituzte denboraleak eragindako kalteak konpontzeko. Adostu duten testuaren arabera, denboraleak sortutako "kalte larriak" baldintzatu egin du aurrekontuen inguruko eztabaida, eta bi taldeak bat datoz "krisi ekonomikoaren ondorioen garaian" hiriak aurrekontuak izateko beharrean.