Lupak modan jarri dira hizkuntza politikoan. Modan jarri dituAlfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak. Azken egunetan, Espainiako Gobernutik, hainbat alderditatik zein komunikabidetatik jasaten ari den presioaren jakitun, mezu argia igorri zuten Bildu koalizioko sustatzaileek: «Ez dugu Alderdien Legerik behar, hauteskundeen bideari ezin zaio oztopo gehiago jarri. Ezin zaio proiektu politikoak eta zerrendak libre osatzeari oztoporik jarri. Herri honek nahikoa dela esan du, eta exijentzia horri lehenbailehen egin behar dio kasu Madrilek», azaldu zuen Bakartxo Ruiz Bilduko bozeramaileak. «Euskal Herriak libre erabakitzen duena errespetatu eta onartu egin behar du. Lupa horrekin begiratzen diegu guk haiei».
Lizarran egin zuen lehen urratsa EAk, Alternatibak eta herritar independentez osatutako Bildu koalizioak, eta atzo Donostiako Kursaal jauregian egindako ekitaldi politikoan hautagaietako batzuk ezagutarazi zituen. Zerrendak osatzeko epea apirilaren 18an amaitzen da, eta, oraindik Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan udal eta foru hauteskundeetako zerrendak osatu gabe dituztenez, izen-abizenik ez zuten jakinarazi. Haatik, Nafarroako Parlameturako, batzar nagusietarako eta hainbat udaletarako 80 hautagai oholtza gainera igo ziren atzo.
Kursaaleko areto nagusiko goiko harmailak hutsik egon arren, behealde osoa betetzea lortu zuen koalizio sortu berriak. Ehunka herritar bildu ziren bertan, eta ordu eta laurden iraun zuen ekitaldian, ohiko hitzaldi politikoekin batera, musika eta dantza tartekatu ziren, guztia ere ukitu berritzailea zuen eszenografia batekin. Donostiara bildu ez zirenek webgunetik ikusteko aukera izan zuten.
Sinbolo bat bihurtu zen ekitaldiko leit motiv: artile mataza. Hariak biltzen dituen bola horren bitartez indar metaketa aditzera eman nahi izan dute: «Artile mataza hori gero eta handiagoa izatea eta mugitzea lortuko dugu, elkarrekin etorkizuna ekartzeko, Euskal Herria biltzeko». Pello Urizar EAko idazkari nagusiaren azken hitzok eman zioten amaiera ekitaldiari.
Urizarri egokitu zitzaion azken hitzaldia, eta haren lehen hitzak Sabin Intxarraugari buruzkoak izan ziren. Abenduan zendu zen EAko buruzagi eta Eusko Jaurlaritzako sailburu ohia. Urizarren arabera, bizirik balego «oso gustura» legoke Kursaalak atzo azaltzen zuen itxurarekin. «Ziur nago hemen gauden denok zirrara berbera dugula Bilduren lehen urratsetan parte hartzen dugulako».
EAko idazkari nagusiak nabarmendu zuen «sekulako etorkizuna» duela koalizioak, eta argi utzi zuen ez dela luze gabeko apustua, luzerakoa baizik. «Batzuek gizarteari kontrakoa sinetsarazi nahi dioten arren, ez da unean uneko indar metaketa, eta helburua ez da hauteskundeetan egotea bakarrik, erakundeak eraldatzea baizik». Urizarrek gogora ekarri zuen norabide politiko desberdinetatik datorren jendeak bat egin duela Bildun, baina guztiek ere bi ezaugarri komun dituztela azpimarratu zuen. Batetik, egoera politikoa aldatzeko formula bakarra indar subiranisten batasuna dela deritzo Bilduk, eta, bestetik, herritarrek euren etorkizunari buruz erabakitzea nahi du.
«Horregatik daude hain urduri, eta urduriago jarriko dira», adierazi zuen Urizarrek, Espainiako Gobernuari erreferentzia eginez. «Sorgin ehizak iragartzen dizkigute; diote lupa bikoitzarekin aztertuko dituztela zerrendak, baina hori esaten dute 25 urteren buruan GALen X aurkitzeko gai izan ez direnak. Hauek eman nahi dizkigute guri lezio demokratikoak», kritikatu zuen.
Bilduk behin betiko beste egoera batera iristeko aukera defendituko duela aldarrikatu zuen Urizarrek, «edozein indarkeria gabeko egoera batera, benetako demokraziara iristeko aukera».
Alternatibako Oskar Matutek, berriz, gogora ekarri zuen egungo egoera ekonomiko larrian «gizarte eredua eta balioak» daudela jokoan, eta, horri aurre egiteko, beharrezkotzat jotzen du egungo sistemari aurre egingo dion alternatiba eraikitzeko «borondateak biltzea». Haren ustez, «gaur inoiz baino beharrezkoagoa» da bestelako Euskal Herria eraikitzea, «sistemaren apurrak kudeatzera murgiltzen direnen aldean». Matutek defenditzen du Bilduk «talde etekinak» lortu nahiko dituela, eta agenda alternatiboa garatuko duela.
Bakartxo Ruizek, herritar independentea izaki, nabarmendu zuen beste politika eredu bat behar dela:«Badakigu herritarrak asper-asper eginda daudela alderdien arteko zatiketekin, interes alderdikoiak herri interesen gainetik jartzen dituztenekin, asper-asper eginda daudela bizitzan ditugun arazo larriei erantzuteko gaitasunik erakusten ez duen klase politikoarekin».
Lau lurraldetako ordezkariak
Koalizioa osatzen duten hiru indar nagusietako ordezkariez gain, lau lurraldetako zerrendatan aurkeztuko direnek ere hartu zuten hitza: Nafarroatik Maiorga Ramirez zerrendaburuak; Arabatik Itziar Ameztoik; Bizkaitik Asier Vegak eta Gipuzkoatik Mertxe Aizpuruak, Gara-ko zuzendari ohiak.
Internazionalaren doinua kalejira egiteko baliatu zuten, Kursaalean sortutako jai giroa lagun. Eusko Gudariak abestuz amaitu zen ekitaldia.
Bildu: «Hauteskundeen bideari ezin zaio oztopo gehiago jarri»
Proiektuak eta zerrendak libre osatzeko eskubideari trabarik ez jartzeko galdegin dio koalizio berriak Espainiako GobernuariDonostiako Kursaalean egindako ekitaldian, 80 hautagai inguru ezagutarazi dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu