Bildu izana ukatu dute PSEk eta ezker abertzaleak

Zapaterok ere bilera egin izana gezurtatu du, eta PSE-EE eta PPren arteko akordioa ez duela kolokan ikusten adierazi du

Erredakzioa
2010eko urriaren 30a
00:00
Entzun
PSE-EEk eta ezker abertzaleak ukatu egin dute euren artean bilerarik izan denik, ez behintzat zenbait komunikabidek atzo azaldu zuten moduan. Vocento eta Noticias taldeko egunkarien arabera, PSE-EEren ordezkaritza bat ezker abertzalearen beste ordezkaritza batekin bildu zen duela hilabete inguru. Bildu ziren kideen izenak ere jakinarazi dituzte: PSE-EEren aldetik, Jose Antonio Pastor Eusko Legebiltzarreko bozeramailea eta Alfonso Gil alderdiko antolakuntza idazkaria; ezker abertzaletik, berriz, Rufi Etxeberria eta Jone Goirizelaia. Hedabide horien arabera, ezker abertzaleak politikaren aldeko egitasmoa aurkeztu zien. Bilera Sinn Feineko ordezkariak Euskal Herrian zeudela egin zela ere badiote egunkari horiek.

PSE-EEk ohar baten bidez jakinarazi duenez, data haietan Sinn Feineko kideekin bildu zen Bilbon, eta adierazi du han ez zela egon ezker abertzaleko kiderik. Ezker abertzaleak ere ukatu egin du bilera egin izana. Ohar batean adierazi du «solaskidetza dinamika zabala» ari dela garatzen «Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta nazioarteko eragileekin», baina komunikabide horiek dioten bilera ez dela egin. Eta azken hilabeteetan egin diren «filtrazio» askoren bitartez, «intoxikazio» kanpaina bat dagoela salatu du. «Momentu politikoak eskatzen duen tamainako arduraz jokatzeko exijitu nahi diegu eragile politiko eta hedabideei», esan du.

Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero ere mintzatu da gaiaz. Bruselatik eginiko adierazpenetan bere egin du PSE-EEren bertsioa, eta esan du ustezko bileraren inguruko «informazio faltsuek» ez dutela izango eragin larririk. Zapaterok ez du uste horrek kalte egingo dionik Eusko Jaurlaritzan PSE-EEk eta PPk duten itunari.

Alfredo Perez Rubalcabak «lasaitasuna eta irmotasuna» eskatu die «demokrata guztiei». Haren arabera, azkenaldian adierazpen «asko, gehiegi» egiten ari dira batzuk.

Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak bere alderdiak eginiko ezeztapena berretsi du. «PSE-EEk bere printzipio demokratikoak berretsi ditu, eta ez ditu aldatuko. Horiek ekarri gaituzte honaino».

Eusko Jaurlaritzak «orain arteko jarrera berbera» mantentzen duela adierazi du Idoia Mendia eledunak. Haren ustez, «horrelakoetan desira errealitatearekin nahasten da, eta ez da komenigarria».

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, berriz, sozialisten jarrera kritikatu du. PSE-EEk ezker abertzalearekin bildu dela ukatzea «barregarria» eta «penagarria» dela adierazi du. «Hitz egiteagatik ez da ezer hausten, hitzaren aurrean ez da arriskurik; hitzaren ukoaren atzean daude beti arriskuak», esan du.

PPk azalpenak eskatu ditu

PSE-EEk ezker abertzalearekin ustez egindako bileren inguruko azalpenak jaso nahi ditu PPk, eta, horregatik, bilera bat eskatu dio alderdi sozialistari. «PSE-EE eta ezker abertzalearen arteko harremanak benetakoak balira, sozialistekin EAEn dugun gobernu itunaren urraketa larria izango litzateke», ohartarazi du Alfonso Alonsok, Arabako PPren presidenteak.

Ezker abertzalearekin biltzeak «terrorismoari zilegitasuna eman edo kentzen dion» azal dezan eskatu dio Basagoitik Lopezi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.