Bilduk instituzioetan daraman urtebetean, EAJ, PSE-EE eta PP elkar hartuta aritu dira, koalizioaren proposamenak, lan politikoa eta proiektua «oztopatzen eta blokeatzen». Hala uste dute koalizioko kideek, eta halaxe salatu dute; baina Aitor Etxarri Leitzako zinegotziak eta Idoia Ormazabal Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak azpimarratu dute herritarrei hitzemandako «aldaketa politiko eta soziala» gauzatzen ari direla, oztopoak oztopo, eta jakinarazi dute aurrerantzean ere horretan jarraituko dutela.
Diotenez, esparru guztietan saiatu dira aldaketarako pausoak ematen, eta politika egiteko modu berri bat erabili dute: «Harresi bat jarri diogu azpiegitura erraldoietan eta diru xahuketan oinarritutako politikari; herritarrak lehenetsi ditugu, interes pribatu eta merkatu interesen gainetik».
Gatazka politikoari konponbidea jartzeko lan egingo zuela ere hitzeman zuen Bilduk iazko kanpainan. Badakite horretan urrats asko daudela egiteko oraindik. Uste dute prozesu demokratikoa martxan jartzea dela horretarako tresna nagusia, «pertsona guztientzat eskubide guztiak» bermatuta, eta proiektu politiko guztiak «oztoporik gabe» garatu ahal izateko. Bide horretan lanean jarraitzeko asmoa dute, baina ohartarazi dute lan hori ezin dutela bakarrik egin: «Konpromiso, ekintza eta urrats sendoak behar dira, alde guztietatik». Konpromiso horiek hartuta, uste dute «gatazkak utzi dituen zauri, kalte eta ondorio guztiak itxi eta gainditu» behar direla.
Egin beharreko aldaketa bat zehaztu dute: «Eusko Legebiltzarrak zilegitasuna berreskuratzea, hauteskundeetarako deialdia lehenbailehen eginda». Nabarmendu dute «gizartearen benetako borondate politikoa» islatu behar dela instituzioetan, eta gogora ekarri dute gaur egungo legebiltzarrak ez duela hala egiten.
Legegintzaldi hasierako lehentasun berberak dituzte: «Eredu politiko eta ekonomikoa aldatzeko neurriak bultzatu; sektore publikoa defendatu zerbitzu publikoen pribatitazioaren aurka; gizarterako eta babes sozialerako politikak areagotu; zerga sistemaegokitu; diru kudeaketaren gardentasuna bermatu...».
Horretan guztian, «funtsezko garrantzia» eman diote ingurumen politikari. Gipuzkoan pil-pilean dagoen gaia jarri dute horren adibide: zaborrena. Nabarmendu dute gizartearen arazo bat dela hondakinena, eta ez dela Gipuzkoako kontua. EAJri eta PSE-EEri galdetu diete ea zeren zain dauden arazoari aurre egiteko. «Arduragabekeriaz» aritzea leporatu diete bi alderdi horiei, eta gaia «arma politiko gisa» erabiltzea.
Bilduk asmoa du orain arteko bidea «sakontzeko eta garatzeko». Lehen mailako esparru gisa jarri dituzte euskara, berdintasuna, aniztasuna eta parte hartzea. Hain zuzen, parte hartzearen inguruan sakontzeko, topaketa batzuk egingo dituzte, larunbatean.
Bilduk adierazi du gauzatzen ari dela aldaketa, oposizioak oztopo ugari jarri arren
Erakundeetara iritsi zenetik urtebete pasatu dela, legebiltzarrerako bozetara deitzeko eskatu du koalizio abertzaleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu