Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan herritarrek marraztu zuten mapa politiko berriak bete-betean eragin du zaborren kudeaketan, eta, nola ez, hartaz arduratzen diren mankomunitateen osaeran ere bai. Pasaia, Lezo, Donostia, Oiartzun, Errenteria, Hernani, Urnieta, Lasarte-Oria, Usurbil eta Astigarragako udalak biltzen dituen San Markoko Mankomunitateak zaborren kudeaketarako organigrama berria eman du jakitera.
Hernaniko Bilduko zinegotzi Beñat Amenabarrek hartuko dio lekukoa PSEko Juan Carlos Merinori, eta, hala, mankomunitateko lehendakaritza bere gain hartuko. Nerea Sanchez Lasarte-Oriako Bilduko zinegotzia izango da, berriz, lehendakariordea, eta Andoni Gartzia Astigarragako alkatea diruzaina. Azken hori ere Bilduko ordezkari da. Batzarraren hiru laurden egongo dira koalizioaren kontrolpean, hamabost batzarkide baitituzte; PSEk, berriz, hiru ordezkari izango ditu —Denis Itxaso, Juan Carlos Merino eta Hermenegildo Gonzalez—, eta EAJk, bi baino ez —Maite Peña eta Mikel Pagola—.
San Markoren kudeaketaren arduradun berriek argi adierazi dute egungo zaborraren bilketa sistemak baldintzatu egiten duela erabat ondorengo kudeaketa, eta arazoa «okertu» baino ez duela egiten. Hortaz, ezinbestekotzat jo dute zenbait herritan dagoen gaikako bilketa zabaltzea: «Oso argi dugu zer edo zer egin behar dela zaborren arazoa konpontzeko. Neurri jakinak hartu behar ditugu hondakinak gutxitzeko eta ahalik eta gehien birziklatzeko. Badakigu horretarako ezinbestekoa dela zaborra gaika jasotzea. Gainontzeko herrietan sistema aldatzea, ordea, nekeza izan liteke».
Gipuzkoako Foru Aldundiaren zorrak datozen hogei urteetako kudeaketa baldintzatu egingo duela iragarri zuen herenegun Foru Aldundiko bozeramaile Larraitz Ugartek, eta zaborren partzuergoarena 290 milioikoa dela erantsi zuen.
Iruñerria, PSNren esku
Iruñerriko Mankomunitateko agintaritza adostekoak ziren batzarreko 54 zinegotziak atzo ilunabarrean. BERRIAk ez zuen erabakiaren gaineko baieztapenik izan lerrook idazteko unean. Edonola ere, PSNk eta UPNk gobernu akordioan zehaztu zutenari jarraiki, Burlatako PSNko zinegotzi Jose Muñoz hautatu behar zuten mankomunitateko lehendakari.
Bestelako proposamen bat ere egin zezakeen UPNk, erregionalistek beraiek adierazi zutenez: bi urtez PSNk eta beste bi urtez UPNk gidatzea mankomunitatea.Ezusterik ezean, baina, PSNko zinegotzien bost botoez gain, UPNren hamazazpi eta independenteen hamaika edo hamabi eskuratzekoa zen PSNren hautagaitza.
Bilduk aginduko du San Markon, eta PSNk Iruñerrian
Beñat Amenabar (Bildu) izango da San Markoko Mankomunitatean buru, eta Jose Muñoz (PSN) Iruñerrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu