Datorren astean hasiko da Arabako kuadrillak osatzeko prozesua. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan alderdiek lortutako emaitzen arabera aukeratuko dira kuadrilletako aginte karguak. Bilduk lortu zuen boto gehien Aiaraldeko, Gorbeialdeko eta Lautadako kuadrilletan, eta, horregatik, hiru kuadrilla horietako lehendakaritzetarako hautagaiak aurkeztuko ditu. Mendialdeko lehendakariorde izateko hautagaia ere aurkeztuko du. Koalizioaren Arabako hainbat hautetsik jakinarazi dute erabakia, prentsaurreko batean.
Bilduko hautetsiek uste dute hauteskundeetan boto gehien izan zuen indarrak eskuratu behar duela lehendakaritza, eta printzipio hori errespetatzeko eskatu diete gainerako alderdi politikoei. Gainera, Bildurentzat ezinbestekoa da orain arte Arabako kuadrilletan egin den kudeaketa goitik behera aldatzea. «Azken urteetako kudeaketa iluna izan da, parte hartzea ez du bermatu eta herritarren beharretatik aldenduta egon da. Ustelkeria kasuek ere alarma piztu dute», azaldu du Ixone Retes Amurrioko zinegotziak. Hori dela eta, kuadrilletan bestelako eredu bat bultzatzeko duten konpromisoa berretsi dute hautetsiek, eta eredu «ireki, parte hartzeko eta gardenaren» aldeko apustua egin dute.
Koalizioarentzat, elkarlana funtsezkoa da bestelako kudeaketa eredu bat aurrera ateratzeko, eta, horregatik, indar politiko eta plataforma independenteekin harremanetan dago, haien ekarpenak jasotzeko. «Indarrak batuta, gaur egun kuadrilletan dagoen egoerari buelta emango diogu», azaldu duRetesek.
Trebiñu
Astelehenean hasi eta urriaren 5a arte iraungo du Arabako sei kuadrillak eratzeko prozesuak, zehazki, Aiaraldeko, Zuiako, Lautadako, Mendialdeko, Arabako Errioxako eta Añanako kuadrillak. Bilduk gogoratu du Trebiñuko kuadrilla ere aintzat hartu beharko litzatekeela. Hala, trebiñarren borondatea errespetatzeko eskatu du Bilduk.
Bilduk Aiaralde, Gorbeialde eta Lautadako presidentetzak lortu nahi ditu
Indar bozkatuena izan zen kuadrillen lehendakaritzetarako hautagaiak aurkeztuko ditu koalizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu