Bilduk alde guztietatik jaso ditu kritikak, preso eta biktimen harira

Joseba Egibar, Andoni Ortuzar, Rodolfo Ares, Antonio Basagoiti eta Aralarrek Garitanoren adierazpenak kritikatu dituzteOskar Matutek uste du «gurutzada» moduko bat dagoela Bilduren kontra

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, joan den astelehenean, Azpeitian, presoen senideen ondoan . JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Bildu gainerako alderdi guztien ikusmiran dago. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren azken adierazpenek kritika ugari eragin dute. Presoen inguruan adierazitako jarrera eta eragindako mina aitortzeko unea ez dela iritsi esan izana hizpide hartu dute gainerako alderdietako ordezkariek. Joseba Egibar eta Andoni Ortuzar EAJko burukideek Radio Euskadiri eta Onda Vascari eskainitako elkarrizketetan izan zuten aipagai Bildu. Antonio Basagoiti PPko buruak, Gasteizen egindako agerraldian. Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak prentsa ohar bat kaleratu zuen, Bilduri zuzenduta. Aralarrek ere prentsa ohar bat kaleratu zuen, Martin Garitanoren adierazpen batzuei erantzuteko. Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta Bilduko ordezkariak, berriz, Bilduren kontrako «gurutzada» moduko bat dagoela salatu du. Gurutzada hori maiatzaren 22an bertan hasi zen, eta Bilduri dioten beldurrean du oinarri, «Bilduren olatua ez delako amaitu».

Egibar, Ortuzar eta Aralar bat etorri dira Garitanok sufrimendua aitortzeko uneari buruz egindako hitzak kritikatzeko orduan. Egibarren ustez, «injustuak» izan dira. «Eragindako sufrimendu edo kaltearen aitorpenari buruz eztabaidak egiteko ez da behar garai berrien zain egotea, agintari politiko batek jarrera bat izan behar du beti», adierazi zuen Joseba Egibarrek. Egibarren ustez, prozesuaren atzeraezintasuna sendotu beharra dago, denen aldetik, eta bereziki «Bilduren hautetsi publikoen aldetik». Ildo beretik, Andoni Ortuzarrek dei egin dio Bilduri, «ez itxoiteko ETAren biktimak aitortzeko eta eragindako kaltea onartzeko, orain delako momentua sendotzeko indarkeriarik gabeko etorkizuna».

Aralarrek ere kritikatu ditu Garitanoren hitzak. «Deserosoa eta mingarria izan daitekeen errealitate bati aurre egin nahi ez izatea» egotzi dio Bilduri. «Aralar ez dator bat biktimek gehiago itxaron beharko dutela esatearekin», eta gatazkaren alde guztietan eragiteko beharra azpimarratu du. Halaber, Gernikako Akordioan ere gatazka konpon dadin biktimen gaia lantzeko beharra jasotzen dela gogoratu du Aralarrek.

Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, berriz, «iraganeko jokabideak» alde batera uzteko eskatu dio Bilduri, prentsa ohar baten bidez. Aresen ustez, Bilduk festak baliatu nahi ditu «ekintza terroristak egiteagatik espetxean zigortuta dauden terroristak edo hiltzaileak omentzeko». Hori egin beharrean, Aresen iritziz, «ETAtik aldendu eta hura desegiteko» eskatu beharko luke.

Basagoitiren konparazioak

Antonio Basagoiti urrunago joan da Martin Garitanoren hitzak baloratzeko orduan. «Proxeneta baten moduan» aritzea egotzi dio, «demokrazia prostituitzen dutenekin onura ateratzen duelako». Basagoitiren ustez, Bilduren aldetik ahalegin bat dago «gaiztoak on gisa agertzeko, eta horrela ez da lortzen bakea». Berrogeita hamar urte beranduago, Basagoitiren iritziz, «hiltzaileak zintzoak balira bezala gelditzen badira eta fanatikoak heroi gisa, hemen jende guztiak nahi izango du fanatiko edo terrorista izan». «Breiviken senideak ere ez dira ETAko presoen senideak bezain gaiztoak, Norvegiako munstroaren senideak beren semeak egindakoaz lotsatu direlako», gehitu zuen Basaigoitik.

Ezker abertzaleak faxistatzat jo ditu Antonio Basagoitiren adierazpenak. Ezker abertzalearen ustez, «Bilduren eta haren ordezkarien kontrako adierazpen horiek eraso estrategia baten parte dira, eta hauteskundeetako emaitzak ez onartzearen eta gaizki asimilatzearen ondorio».

Halaber, Basagoitiren hitzak larritzat jo ditu ezker abertzaleak, «sektore faxista eta intoleranteak oilartu egiten dituelako». Horren haritik, ezker abertzaleak gogora ekarri du kutsu faxista duten ekintzak gertatzen ari direla zenbait udalen kontra, Lasarte-Orian eta Andoainen bezala. Izan ere, Andoaingo Udalak gaur emango du alkatearen kontra jasotako mehatxuen berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.