Asteon urte bat bete da foru eta udal hauteskundeak egin zirenetik. Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz Bilduko eledunen arabera, orain dela urte batzuk «pentsaezina» zena egin du koalizioak, kultura eta ibilbide politiko desberdineko abertzaleen elkargune bihurtu delako. Bide beretik jarraitzeko konpromisoa agertu dute Iruñean egindako agerraldian. Ruizen arabera, jada ia inork ez du ukatu gatazkaren konponbiderantz urratsak egin direla, eta, horregatik, salatu egin du Nafarroako Gobernuaren jarrera. «Saiatzen ari dira hori bera ere ukatzen. Jendarteak exijitzen duenaren kontrako bidean ari dira gai honetan. Ez dute erantzunik ematen, ez dute erantzukizunik hartzen». Dena den, «lehenago edo geroago» urratsak egin beharko dituztela iritzi dio. Adibidez, euskal presoen egoeraren inguruan.
Ramirezek gogora ekarri du duela urtebete, hauteskunde kanpaina hasi aurreko egunetan, artean ez zekitela bozetara aurkezterik izango zuten. Maiatzaren 5ean, Auzitegi Konstituzionalaren erabakia etorri aurretik, Iruñeko zein beste hainbat udalerritako plazak bete egin ziren legeztatzea eskatzeko. «Urte honetan argi ikusi dugu indarrak batzeko ahaleginek balio izan zutela. Indarrak metatzea beharrezkoa da, eta bide beretik jarraituko dugu».
Ruizek gaineratu du Bilduren sorrerako helburu nagusia dela oraindik orain erronka nagusia, hau da, aldaketa politiko eta soziala lortzea: «Aldaketaren aldeko gehiengo soziala gehiengo politiko bihurtu behar dugu». Haren ustez, Nafarroako gizarteak ez du merezi egungo gobernua.
Izan ere, urtebete honetan UPNren eta PSNren arteko koalizio gobernua «murrizketen lasterketa zoro batean» sartu dela iritzi dio Ramirezek. «Herritarren bizi-kalitatea jo dute», adierazi du. Bilduren arabera, pertsonen gain «logika ekonomiko krudela» ezarri dute UPNk eta PSNk, eta defizit faltaren politika porrot egiten ari da.
Azaroaren 20ko hauteskundeez geroztik, PP Espainiako Gobernura iritsi da, eta urtarriletik ezarritako neurriek Nafarroan ere eragin dute. Ruizek gogorarazi du areagotu egin dutela Nafarroako Gobernuak irailean abiatutako murrizketen joera hori. Azaroko bozetan UPN PPrekin batera aurkeztu zen Nafarroan, eta bi alderdi horiek «ideologikoki bide beretik» doazela uste du: «UPNk ez du arazorik Madrildik datozen politika neoliberal horiek ezartzeko». Ruizek gaineratu du Nafarroako gizartearen gain jartzen ari direla neurri horien zama.
PSNri, berriz, seriotasun falta egotzi dio Bilduk. Hauxe adierazi du: «Haren jarrera gero eta okerragoa da. Ez da alderdi serioa, bere hitza etengabe jan behar du-eta». Ruizen arabera, alderdi sozialistak «duintasunaren marra gorria aspaldi gainditu zuen».
CANen ardurak eske
Ramirezek gogor salatu du Nafarroako Kutxarekin gertatutakoa. Caixabankek beretu du aurrezki kutxa, eta desagerpenaren erantzule egin du kontseilu nagusiko ordezkarien gehiengoa. Ramirezek adierazi du «laster» jakingo dela UPNk eta PSNk Enrique Goñi kutxako zuzendariarekin zer-nolako «lotura ilunak» izan dituzten. Ramirezen arabera, Goñiren esanetara daude bi alderdi horiek, eta «laster» herritarrek «lotura ilun» horren zergatia ezagutuko dutela azaldu du.
Bilduk dio Barcinak urratsak egingo dituela «lehenago edo geroago»
Gatazkaren konponbidean gizartearen gehiengoak exijitzen duenaren kontrako bidean aritzea egotzi dio gobernuariPSNk «duintasunaren marra gorria» aspaldi gainditu zuela kritikatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu