Bildu koalizioko batzarkideek arauz besteko proposamen bat aurkeztu zuten herenegun Bizkaiko Batzar Nagusietan: kezka azaldu zuten Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusera doazen Bizkaibuseko zerbitzuen «eskasiaren» eta zerbitzu horretako erabiltzaileei ematen zaien arreta txarraren inguruan. Agiria tramitean dago oraindik; batzar nagusietako plenoan eztabaidatu beharko dute onartu aurretik. Aitor Torre Bilduko batzarkideak azaldu duenez, baikor dira: «Beste taldeak proposamenera gehitzea espero dugu, eta garraio publikoa sustatzeko neurriak har daitezen». Garraio txartelak merkatzeko proposamena aurkeztea ere gogoan dutela jakinarazi du Torrek.
Batzarkideek azaldu dutenez, proposamena aurkezteko arrazoi nagusiak bi izan dira: batetik, Irakasle Eskola Leioako campusera lekualdatu izanaren ondorioz, 2.085 ikasle gehiago daude; eta, bestetik, Leioako aparkalekuetan obrak egiten ari direnez, autobus zerbitzuko erabiltzaileen kopurua «izugarri» handitu da. Diotenez, zerbitzuen erabiltzaileen kexu ugari jaso dituzte.
Aurreikuspen eskasak
Campusera joateko eta bertatik irteteko arazoak dituzten pertsonak gero eta ugariagoak direla diote. «Gertakari hauek bidegabeak dira erabiltzaileentzat, eta agerian utzi dute Garraio Sailak bezeroei arreta eskasa ematen diela». Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailak zerbitzua indartzeko aurreikuspenak egin bazituen ere, ez ditu gabeziak bete. Hori dela eta, autobus zerbitzuak gehitzean erabiltzaile kopuruari garrantzi handia emateko eskatu dute proposamenean.
Leioara doazen autobusen maiztasun urriaz gain, Bizkaibuseko zerbitzuak indartzeko erabilitako autobusen egoera kaskarra ere salatu dute: «Foru Arauan muga gisa ezarrita dagoen adinetik hurbil daude autobusak. Autobusok zirkulatu ahal izateko baldintzak betetzen badituzte ere, agerian gelditzen da azkenetan daudela».
Torrek azaldu duenez, ibilgailuen egoera txarrak zerbitzua behar bezala ez betetzea ekarri du behin baino gehiagotan, autobusek matxurak izaten dituztelako sarritan: «Zerbitzua indartzeko autobusen egoerari eta segurtasunari gehiago erreparatu behar zaio».
Bilduk egoera konpontzeko eskatu du Bizkaiko Batzar Nagusietan
Irakasle Eskola orain Leioan dagoenez hara 2.085 ikasle gehiago joaten direla gogora ekarri du koalizioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu