POLITIKA

Bilduk eta Aralar-Nabaik Juan Carlos Longas aurkeztu dute Barcina ordezkatzeko hautagai gisa

Taldeek gaur erregistratu dute Nafarroako Parlamentuan Yolanda Barcinaren aurkako zentsura mozioa (agiria).

Berria.info
2013ko apirilaren 5a
14:47
Entzun

Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentetzatik kentzeko zentsura mozioa erregistratu dute gaur parlamentuan Bilduk eta Aralar-Nabaik, eta Barcina karguan ordezkatzeko proposatuko duten hautagaia jakinarazi dute; Juan Carlos Longas izango da. "Mozioaren helbururako izaera ireki hori azpimarratzen duen hautagairik egokiena da", azpimarratu du Bakartxo Ruiz Bilduko parlamentariak.

Erregistroaren harira Longas hautagaiak esan duenez, "erantzukizunez" jokatu dute zentsura mozioa aurkeztuta, Nafarroako egoera "jasanezina" dela iritzita. Parlamentu taldeek nabarmendu dute "irekiak" daudela akordioetara iristeko, eta bozketa eguna iritsi arte ahaleginak egingo dituztela adostasunera iristeko. "Aldaketa ahalbidetzeko" eskatu diete oposizioko gainerako alderdiei. PSNk, ordea, iragarria du ez duela zentsura mozioa babestuko. Haren babesa behar du mozioak, aurrera egingo badu.

Longasek defendatu du zentsura mozioa "parlamentuaren eskura dagoen tresna bakarra" dela, eta argudiatu du gainerako aukerak —"konfiantza mozioa, Nafarroako Gobernuko presidentearen dimisioa eta hauteskundeak aurreratzea"— eskatu zaizkiola, baina Barcinaren esku baino ez dagoela; "eta, dirudienez, ez dago eskari horiek aintzat hartzeko prest". Parlamentuarekiko errespetuz, gobernu programa aurkeztuko du, baina aurrera ateraz gero, helburu nagusia izango da hauteskundeak deitzea. “Bitarte horren Nafarroako kontuen egoera ikusiko genuke eta zuzendu epe motzera murrizketa larrienak”.

Eztabaida apirilaren 15 eta 18 artean izango dela kalkulatzen da. Ordurako, Miguel Sanzek, Enrique Maiak eta Alvaro Mirandak epailearen aurrean inputatu gisa deklarazioa eginda edukiko dute.

PSNk erantzun du ez duela zentsura mozioa babestuko, baina era berean, Yolanda Barcinaren dimisioa eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.