Bilduk ez du babestuko errauste planta, txikiagoa bada ere

Larraitz Ugartek adierazi du Bilduk beste taldeak konbentzituko dituela bere proposamenen alde

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Hiri hondakinen kudeaketari buruz Bilduk eta EAJk sinatutako hitzarmenek zeresana ematen jarraitzen dute. Atzo, Larraitz Ugarte Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaileak ukatu egin zuen Bilduk errauste planta txikiago baten alde egingo duela. Era berean, Ugartek argitu du errauste plantaren inguruko azken erabakia Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoari dagokiola, eta ez Gipuzkoako Batzar Nagusiei.

Hurrengo urteko aurrekontuen inguruko akordioa lortu dute EAJk eta Bilduk. Besteak beste, hau hitzartzea lortu dute: hiri hondakinen inguruko eztabaida egingo dutela Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean, eta batzorde horrek ekainaren 30 baino lehen hartuko duela erabaki bat.

Ugartek zehaztu du Batzar Nagusiek ezin dutela izan errauste plantaren inguruko azken erabakia, hori partzuergoaren zeregina delako.

Eztabaidak badu mamirik. Izan ere, Batzar Nagusietan errauste plantaren aldeko indarrek dute gehiengoa; eta, aldiz, partzuergoan Bilduk dauka gehiengoa. Bilduk errauste plantaren aurkako jarrera agertu duorain arte.

Ugartek ohartarazi du 40 udalek birziklatzearen aldeko jarrera «irmoa» azaldu dutela, eta sei hilabetean ikusiko direla apustu horren emaitzak. Foru aldundiko eledunaren ustez, gero ikusiko da ea garai batean onartutako errauste plantaren proiektuak zentzurik baduen. Ildo horretan, Ugarte sinetsita agertu zen Bilduk beste alderdiak eta eragileak konbentzituko dituela bere proposamenak aintzat hartzeko.

PPren kritika EAJri

PPk, berriz, gogor kritikatu du EAJk Bildurekin ituna egin izana. Hain zuzen ere, PPkuste du «engainatzen dezaten» utzi diela. Izan ere, alderdi horren iritziz, hiri hondakinen kudeaketaren arloan argitu gabeko etorkizuna dauka Gipuzkoak aurrean. Juan Carlos Cano PPko batzarkidearen arabera, EAJk bere interesak jarri ditu gipuzkoarrenen aurretik, eta Bilduk «edonor lotsagarri uzteko moduko gol bat sartu dio hanken artetik».PPren iritziz, lehengoan dago errauste plantaren inguruko auzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.