Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Alderdien kanpaina

Bilduk Gipuzkoa «gerarazi» egin duela salatu du PSEk, eta EAJ jo du erantzule

Intxaurrondora joan da Lopez, metroko geltoki berrira; inauguraziorik ezin izan zuen egin, eta mitina egitea erabaki du

Iñaki Arriola Gipuzkoako zerrendaburua eta Patxi Lopez lehendakarigaia, Intxaurrondoko geltokian. J. C. RUIZ / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Errege Magoen gisara iritsi ziren PSE-EEko buruzagiak Donostiara atzo: aurrean Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta hautagaia, erdian Iñaki Arriola sailburua eta Gipuzkoako zerrendaburua, eta atzean Ernesto Gasco Donostiako zinegotzi eta Jaurlaritzako sailburuordea. Zaldian ez, trenean iritsi ziren, Intxaurrondoko geltoki berritik. Txalo eta musika artean hartu zituzten jarraitzaileek geltoki atarian, eta musuak banatzen minutuak igaro zituzten hirurek. Gipuzkoako Diputazioaren aurka egin zuen Lopezek, sutsu: herrialdea «gerarazi» egin du Bilduk, haren arabera. EAJ jo zuen erantzule: «Bilduri hark eman dizkio erakundeak».

Donostialdeko Metroaren geltokia joan den astean ireki zuten Intxaurrondon, inauguraziorik gabe. «Badakizue, kanpaina dela-eta ezin dira gauza batzuk egin», azaldu zuen Lopezek. Ekitaldi ofiziala ez, baina kanpainakoa egin zuen, eginiko lanak goraipatzeko.

Ehun bat lagun batu zituzten geltoki aurreko plazan. Jesus Egiguren PSE-EEko presidentearekin eta beste ordezkari batzuekin batera, jende heldua eta gaztea jarri zuten Lopezen inguruan, bueltan. Mitinean zen Felipe Juaristi Euskadi Irratiko zuzendaria ere.

Arriola Garraio sailburuak ordu laurden luze igaro zuen izan dituen «lorpenak» birpasatzen, gaztelania hutsean. Egitasmo guztiak banan-banan aipatu zituen.

Zerrenda bera Lopezek ere errepikatu zuen, laburxeago. Berdin ari da azken egunetan: «Egunero ari gara gobernuan egin duguna errepasatzen eta zer proposamen dauzkagun azaltzen». Sozialistak hitzetan soilik ez, ekintzetan ari direla defendatu nahi du Lopezek horrela. Hori esan zien jarraitzaileei geltoki aurrean: «Hemen daukazue horren froga. Euskadiren modernizazioarekin eta aurrerabidearekin dugu konpromisoa».

Metroaren proiektuarekin bat ez duelako egin, Bilduren aurka jo zuen Lopezek. «Guztiari ezetz esatea da Bilduren bandera: metroari ez, AHTari ez, krisiari aurre egiteko inbertsioei ez, enpresei laguntzeari ez». Koalizio hori diputazioan dagoenetik Gipuzkoa kaltea izaten ari dela ohartarazi zuen: «Erabat gerarazita dago. Euskadi independente baterako probaleku gisa darabilte. Gipuzkoaren aurrerabidea bidetik atera dute».

Bilduren aurka hitz egiten ari zelarik, maiz eten zuen jarduna Lopezek, jarraitzaileen txaloengatik. «Bilduren alternatiba zaborren iraultza da, elikadura subiranotasuna, eta independentzia, aurrera aterako ez luketen herri baten independentzia». Txaloak.

Bildurena bai, baina egoera horren erantzukizuna EAJrena ere badela ohartarazi zuen Lopezek. «Ez dezagun geure burua engainatu: Gipuzkoa geratuta egotea EAJri zor diogu, soilik EAJri». Haren ustez, EH Bilduren «gatibu» izango dira Jaurlaritzara iristen badira. «Bide orria markatzen jadanik ari zaio Bildu Urkulluri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.