Juan Mari Jauregiren omenez jarritako monolitoaren aurkako erasoa gaitzesteko PSE-EEk Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztutako ebazpena indarkeriaren aurkako adierazpen instituzional bilakatu nahi du Bilduk. Rafaela Romero PSE-EEko bozeramaileak jakinarazi duenez, Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea harremanetan jarri da PSE-EErekin, haren ebazpena indarkeriaren aurkako adierazpen adostua izan dadin.
Biktimen oroimena errespetatzea, indarkeria zilegitzat ez jotzea eta ETA desegitea eskatzen du PSE-EEren proposamenak. Gipuzkoako Batzar Nagusietan ez ezik, Tolosako Udalean ere aurkezteko asmoa du PSE-EEk ebazpen hori. Bilduk adierazpena adosteko egindako eskaintza, baina, «positiboa» eta «urratsgarrantzitsua» dela esan du Romerok.
Jauregiren oroitarriaren aurkako erasoaren inguruan Gipuzkoako foru gobernuak kaleratutako errefusa oharra aurrerapausoa izan dela onartu arren, ez dela nahikoa iritzi dio PSE-EEko batzarkideak. Haren ustez, harago jo beharko luke Bilduk, eta ETAri desagertzeko eskatu beharko lioke.
Hain justu ere, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek adierazi du Bilduk ez duela bat egiten Jauregiren oroitarriaren aurkako erasoarekin. «Halako erasoek liskarra sortzen dute, eta Bilduk ez du bat egiten indarkeria ekintzekin». Izagirrek nabarmendu duenez, edozein eratako indarkeriaren aurka dago koalizioa, bide politikoa babesten du eta bere diskurtsoa «irmoa» da alde horretatik. «Bilduri botoa eman dioten herritarrek badakite gure apustua argia dela eta etorkizunean indarkeriazko ekintzek ez dutela tokirik», azpimarratu du.
Bilduk indarkeriaren aurkako testua adostu nahi du PSErekin
Donostiako alkateak berretsi du koalizioak ez duela bat egiten Jauregiren oroitarriaren aurkako erasoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu