Bilduk izango du gehiengoa zuzendaritzan eta EAJko bi ordezkariek hartu dute kargua
Udaletan izandako aldaketa politikoek isla izan dute Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean, eta Bilduk izango du gehiengoa zuzendaritza batzordean: hamar kidetik bost izango ditu, tartean presidentea, Maren Belastegi, Bergarako alkateordea. Koalizioko beste lau kide izango ditu alboan: Mikel Ansotegi (Aulesti), Iñaki Agirrezabalaga (Zumaia), Miren Irigoien (Oiartzun) eta Eneka Maiz (Etxarri Aranatz). Zestoan (Gipuzkoa) egin zuten atzo bilera Uemako kide diren herrietako hautetsiek, zuzendaritza berria aukeratzeko. EAJk bi kide izango ditu —Zestoako Josetxo Mendizabal eta Gatikako Lexuri Arrizabalaga—; aurreko legealdian, EAJ ez zen zuzendaritzan sartu. Gainerako kideetatik, independenteak dira bi —Aramako Asier Mujika eta Gizaburuagako Oibar Egia—, eta bakarra, Aralarrekoa —Berako Jon Abril—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu