euskal presoak

Bilduk ostiralean presoen eskubideen alde bildu eta mozioak aurkeztuko ditu

Koalizioko hautetsiek 24 orduko gose greba egingo dute. Ezker abertzaleak euskal presoen ekimena txalotu du eta espetxe politika aldatzeko neurriak eskatu ditu. Prietok dio Lopezek presoen hurbilketaz hitz egiteko bilera eskatu diola Raxoiri, eta gaineratu du PSE-EE espetxe politika aztertzearen aldekoa dela. Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak sortutako mina aitortzeko eskatu die presoei. Gaur eman du argitara EPPK-k kolektiboa osatzen duten presoek Euskal Herriratu ditzaten eskaera aurkezteko hartu duten erabakia.

2011ko abenduaren 10a
18:10
Entzun

Bilduk presoen eskubideak errespetatzeko eskatuko du ostiralean, gaur koalizioko hainbat hautetsik iragarri dutenez. Hego Euskal Herriko alkate, zinegotzi, batzarkide eta parlamentariek hartu dute parte protestak iragartzeko agerraldian, eta presoen eskubideen aldeko mozioak aurkeztuko dituztela erakundeetan esan dute. ETAren urriaren 20ko iragarpenaren ostean gatazkari irtenbide bat aurkitzeak derrigorrezkoa behar duela azpimarratu dute.

Agerraldian zeuden, besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Koldo Amezketa Nafarroako parlamentaria eta Mertxe Aizpurua Usurbilgo alkatea. Espainiako eta Frantziako Gobernuei pausoak emateko eskatu diete, egungo egoeran "aitzakiarik ez dagoelako". Espetxe politika "terrorismoaren aurkako politikatik ateratzeko" eskatu dute. Horregatik ostiralean 24 orduko gose greba egingo dute hautetsiek eta udaletxe guztietan bilkurak deitu dituzte. Bilduk urtarrilaren 7rako deituta dagoen manifestazioarekin bat egin du.

Txalotu egin du Bilduk EPPK-ko presoen gaur argitara eman duten erabakia. Ezker abertzaleak ere ohar baten bidez euskal preso bakoitzak Euskal Herriratzeko eskaera aurkezteko agertutako ekimena eta erabakitasuna agurtu eta txalotu du gaur goizean. Ezker abertzaleak adierazi du lehenbailehen amaitu behar dela"Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Preso Politikoen Kolektiboari ezartzen dioten politika.  "Espetxe politika hau eskubide urraketaren ikur nagusia dugu egun". Bake eta normalizazio politiko eta demokratikoaren prozesuan ezinbestean eman beharreko pausotzat jo du du ezker abertzaleak.

Estatuak Aieteko Adierazpena bere egitera deitu ditu ezker abertzaleak

"Estatu espainiar eta frantziarrak jarrera eraikitzailea eta konpromisoak hartzeko garaia da. Bada garaia Estatu espainiarrak eta frantziarrak Aieteko Adierazpena bere egin dezaten eta Euskal Herrian irekiriko bake eta normalizazio politiko prozesuari ekarpen eraikitzailea egin diezaioten", dio ezker abertzaleak oharrean.

Horretarako herritarren mobilizazioa beharrezkoa dela nabarmendu du, eta dei egin die herritar guztiei urtarrilaren 7an Bilbon Egin Dezagun Bidea ekimenak egingo duen manifestazioan parte hartzera. Eskubide guztiekin euskal presoak Euskal Herrira egingo da manifestazioa.

Lopezek hurbilketaz hitz egiteko bilera eskatu dio Raxoiri

Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusiak gaur jakinarazi duenez, Patxi Lopez lehendakariak euskal presoen hurbilketaz hitz egiteko bilera bat eskatu dio Mariano Raxoi Espainiako hurrengo presidenteari. Prietok zehaztu duenez, espetxe politikan egin litezken aldaketak aztertzeko nahi du hitzordua lehendakariak.

Lopezek hurbilketaz dituen proposamenak helarazi nahi dizkio Raxoiri, Prietoren arabera. Gogorarazi du lehendakariak orain dela bi hilabete Eusko Legebiltzarrean espetxe politika aldatzea proposatu zuela, eta horren barruan presoak progresiboki hurbiltzea.

Prietok gaineratu du PSE-EE espetxe politika berriro aztertzearen aldekoa dela. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak, ordea, bilera ez du aipatu eta soilik esan du presoek sortutako mina aitortu behar dutela, "bergizartzerako neurriak jaso ahal izateko". Neurri horiek, gainera, banaka ezarriko liratekeela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.