Bilduk parte hartuko du Bilboko heldu den asteko manifestazioan

LAB sindikatuak ere bat egin du deialdiarekin, eta parte hartzeko eskatu dio euskal langileriari

Erredakzioa
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
«Inposizio espainolisten» aurka Nazio bat gara, inposiziorik ez! leloarekin abuztuaren 26an Bilbon egingo den manifestazioari babesa adierazi diote Bilboko Udaleko Bilduko ordezkariek.

Horrez gain, Bilboko Aste Nagusiaren «izaera parte hartzailearen,aldarrikapenezkoaren eta librearen» alde agertu da Aitziber Ibaibarriagak, Bilboko Udaleko Bilduko ordezko bozeramailea. Hori dela eta, «inposizio espainolisten» aurkako manifestazioarieta Aste Nagusiaren harira antolatutako hainbat mobilizaziori beren babesa adierazi die.

Era berean, «ausarta» izan dadila eta duela bi urte euskal presoen argazkiak izateagatik zigortutako Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsekin duen jarrera aldatzeko eskatu dio Ibaibarriagak Bilboko Udalari .

LAB sindikatuak ere bat egin du abuztuaren 26rako deituta dagoen manifestazioarekin; izan ere, LABen iritziz, «inoiz baino lekuz kanporago daude» euskal herritarrek pairatzen dituzten «eskubide urratzeak» eta kultura, hizkuntza eta nazio izaerari muzin egiten dioten «ekimenak eta ikurren inposizioak».

Gainera, LABek adierazi du «inposizio» horien adibide direla Euskalduna jauregian «biltzar espainolak» egitea, saskibaloiko Espainiako Erregearen Kopako finala Bilbon bultzatzea, Aste Nagusiko jai eredu «parte hartzaile eta euskaldunaren kontrako» erasoak bultzatzea edota Espainiako Vuelta Bilbotik eta Gasteiztik pasatzea.

«Betikoak»

Manifestazioa debekatzeko frogak biltzeko eskatu dio, berriz, Carlos Urkijo EAEko PPko legebiltzarkideak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari. Urkijok azaldu du «betikoak» direla jaiak aprobetxatuz giroa «tenkatu», eta jaiak«oihartzun kaxa» modura erabiltzen dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.