Bilduk ziurtatu du atez atekoa herritarren parte hartzearekin garatuko duela

Greenpeacek esan du bilketa selektiboa jartzea zaborren arazoa konpontzeko modu garrantzitsuena dela

Erredakzioa
Donostia
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Gipuzkoako 34 udalerritan atez ateko sistema ezartzeko eta garatzeko prozesua herritarren parte hartzearekin egingo da. Hala ziurtatu du Bilduk. «Herritarrek beharrezko informazio guztia izateaz gain, kezkak eta zalantzak agertzeko foroak egongo dira. Haien iritzia kontuan hartuko da, hondakinen kudeaketaren lehen protagonistak baitira». Bilduk argi du: «Arazoaren parte sentitzen denak irtenbidea eraikiko du. Batzuek inposizioa ikusten duten eremuan, guk elkarlana, komunikazioa eta parte hartzea eskainiko dugu».

Egungo ereduarekin ezin dela jarraitu esan du Bilduk. «Hondakinek ez dute arazorik sortzen modu egokian kudeatzen badira, baina azken urteetako sistemarenak egin du. Berrerabil eta birzikla daitekeen guztiak bizitzaren ziklora itzuli behar du».

Atez atekoaren aurka dauden alderdiei beste proposamen batzuk aurkezteko eskatu die koalizioak. «Sistema eraginkorragoren bat mahai gainean jartzen badute, eztabaidatzeko eta aztertzeko prest gaude».

Greenpeacek, bestalde, txalotu egin du datorren urtean atez atekoa jarriko duten Gipuzkoako 34 udalerrien jokabidea. «Atez atekoak ezartzea zaborren inguruan dagoen arazoa konpontzeko lehen urratsa da, garrantzitsuena, gure ustez». Hondakinen alorrean helburuak zein izan behar duen gogorarazi du: «Zero zaborrerantz joan behar dugu. Horretarako, funtsezkoa da berrerabiltzea, birziklatzea eta konpostatzea. Hori heziketa programen bidez eta herritarren borondatearekin nahiz ardurarekin lortzen da».

Aralarreko batzarkide Rebeka Uberak, berriz, uste du «aurrerapausoa» dela Gipuzkoako Foru Aldundiak hondakinen gaia aztertzeko aholku batzordea sortu izana: «Ikusi beharko da gero nola gautzen den eta zein eztabaida izaten diren batzorde horretan. Argi duguna da ezin dela eztabaida horretatik kanpo geratu tratatu ezin diren hondakinekin zer egin». Bestalde, PSE-EEk salatu du aldundiak «komeni zaion moduan» erabiliko duela aholku batzordea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.