Ezker abertzaleko, EAko eta Alternatibako ordezkariek bilera egingo dute bihar Aralarreko ordezkariekin, datorren azaroaren 20ko Espainiako Kongresuko bozetara elkarrekin joateko aukera aztertzeko. Donostian egingo dute batzarra, Aralarren egoitzan.
Bilduko koalizioko kideek azaroaren 20ko hauteskundeetara bat eginda aurkezteko proposamena egin zieten abuztuaren 5ean EAJri eta Aralarri. Jeltzaleen buruzagiak mintzatzeko prest agertu dira, baina jada adierazi dute proposamena ez zaiela egingarria iruditzen; zintzotasun gutxirekin aritzea egotzi diete Bildukoei. Aitzitik, harrera hobea egin dio Aralarrek, eta Patxi Zabaleta eta Txentxo Jimenez buruzagiak iragan aste honetan adierazi dute boz horietara Bildurekin batera joatea litzatekeela egokiena.
Hala ere, ikuskizun dago elkarlan horretarako formulan adostasunik lortuko duten; hots, balizko egitura bakar horri eman beharreko forman eta izan beharreko ordezkaritzetan.