Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak iragan astean Parlamentuan esan zuen ezker abertzaleak historikoki gobernatutako udalak «totalistarismo politikoaren adibide» direla. Horren aurrean, Arbizu, Leitza, Atarrabia eta Etxarri Aranazko alkateek atzo erantzun zuten «gogaituta» daudela Nafarroako presidentearen adierazpenekin: «Beste proiektu politikoak kriminalizatzeko asmo argia du, bereziki Bildurena», kritikatu dute.
Alkateen arabera, Barcinari ahaztu egiten zaio nafar guztien ordezkari dela, eta bere ideiekin bat egiten ez dutenei zilegitasun politikoa kentzeko ahaleginean ibiltzea egotzi diote. «Barcinak pentsamendu bakarra bultzatu nahi du, eta ahaztu egiten zaio Nafarroan beste proiektu politiko batzuk daudela, euskaltzale, abertzale eta ezkertiarrak, eta horiek garatu daitezkeela».
Irain horien aurrean, Bilduren gestio politikoa goraipatu nahi izan dute: «Barcina eta bere alderdiaren politikekin alderatuta, Bilduk gobernatutako udaletan guztiz bestelako politikak bultzatzen dira». Euren udaletan aurrekontu «parte-hartzaile eta irekiak» antolatzen direla eta orotariko proposamenak onartzen direla azaldu dute, «interes alderdikoiak alde batera utzita».
Lau udal horietako alkateek nabarmendu nahi izan dute Nafarroako presidenteak ez duela «inongo gaitasunik» egungo egoera politikora egokitzeko. Hala ere, egoerak eskatzen duen mailan egoteko eskatu diote. Era berean galdegin diote Nafarroako aniztasuna onartzea eta aitortzea, eta «beharrezkoa pausoak ematea bake jokaleku bat ahalbidetzeko».
Bilduko udalak, Barcinarekin «gogaituta»
Egoera politiko berrira ez egokitzea egotzi diote Barcinari Arbizu, Leitza, Etxarri, eta Atarrabiako alkateek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu