Bilduren plantoa, «Eudelek ez dituelako udalak ordezkatzen»

«Jarrera autoritarioa» izatea leporatu dio EAJk Bilduri, eta «gehiengoak ez errespetatzea» egotzi dio PSE-EEk

Bilduko kideak, atzo, ogasun eta finantza batzordetik alde egiten. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Bilduko batzarkideek alde egin zuten atzo ogasun eta finantza batzordetik, Eudelen ordezkariak hizketan hasi zirenean. Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatea (EAJ) eta Miguel de los Troyos Eibarkoa (PSE-EE) batzorde horretara joan ziren atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietara, udal finantzabideaz beren iritzia ematera. Bilduko batzarkideen ustez, Eudelek ez ditu ordezkatzen Gipuzkoako udalak, eta Bilduko batzarkideek ez dituzte bi alkate horiek onartu Gipuzkoako udalen ordezkari gisa. Horregatik, haiek hizketan hasitakoan gelatik alde egin zuten. Alkateei entzuteko PSE-EEk egindako proposamena ona dela iruditzen zaien arren, ordezkaritza hori ez dute onartzen. «Osatu nahi duten errealitate faltsu, artifizial eta alderdikoia ez dugu onartuko».

EAJk eta PSE-EEk akordioa egin zuten Eudelen, eta hango zuzendaritzatik kanpo utzi zuten Bildu, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hautetsi kopururik handiena izan arren. Maiatzeko udal eta foru hauteskundeen osteko «mapa politiko berria» ez du ordezkatzen Eudelek, Bilduren irudiko. Bildu ez dago ados Eudelen funtzionamenduarekin, eta ez du parte hartzen hango bilera, batzar eta abarretan. Funtzionamendu hori aldatu nahi du, eta horretarako proposamena ere egin die Eudel osatzen duten alderdiei. Proposamen horren arabera, hiru irizpide bete beharko lirateke Eudeleko ordezkaritza osatzeko orduan: eskualde guztiak ordezkatuta egotea, biztanle kopuruaren araberako ordezkaritza bermatzea eta «Gipuzkoako instituzioetan dauden kolore politiko guztiak, ahal den neurrian, ordezkatuta egotea».

Bilduko batzarkideek, batzordetik alde egin zutenean, prentsaurrekoa eman zuten, Iñaki Agirrezabalaga Zumaiako alkatearekin eta Ibai Iriarte Tolosakoarekin batera. Gipuzkoako udal gehienak Bilduren esku daudenez, eta Bildu Eudelen ez dagoela kontuan hartuta, ez zaie bidezkoa iruditzen EAJk eta PSE-EEk Eudeleko ordezkaritza eramatea. Iriartek salatu zuen EAJk eta PSE-EEk udal eta foru hauteskundeen aurreko egoerari eutsi nahi diotela, baina «egoera soziopolitikoa aldatu» egin dela ohartarazi zien.

Ordezkaritza handiena duen koalizioa erabaki guneetatik kanpo egotea salatu zuen Zumaiako alkateak. Hargatik, gogora ekarri zuen Bilduk egoera konpontzeko proposamena egin ziola Eudeli, duela hiru aste, eta oraindik ez duela erantzunik jaso. Hala, «bakoitzak zer ordezkaritza duen» kontuan hartuta, eztabaidari eutsi eta ados jartzeko deia egin diote Eudeli.

Eibar eta Hondarribiko alkateek, berriz, udalen lana «arbuiatzea» egotzi zien Bilduren esku dagoen Gipuzkoako Diputazioari. «Bakarrik» sentitu direla azaldu zuten ogasun eta finantza batzordean, eta «errespetua» eskatu zuten.

EAJk eta PSE-EEk ere salatu zuten Bilduren jarrera. EAJren bozeramaile Markel Olanok «jarrera autoritarioa» izatea egotzi zien, eta «kezka» agertu zuen. Olanok ohartarazi zuen Eudeli «boikota» eginda kalte egiten zaiela «herritarrei»: «Haiei ekartzen zaizkien zerbitzuak okertzea dakar». Haren ustez, «onartezina» da Bildu egiten ari dena.

«Gehiengoak ez errespetatzea» egotzi zien Rafaela Romero PSE-EEko bozeramaileak, eta Batzar Nagusiak «zirku» bilakatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.