maiatzaren 22-ko hauteskundeak

Bilduren zerrendak inpugnatuko dituen argitzeko eskatu dio Urkulluk Espainiako Gobernuari

Atzo PPk zioen koalizioaren zerrenda denen kontra egiteko akordioa lortu duela Rubalcaba lehen presidenteorde eta Barne ministroarekin. Ertzaintzak aztertu egingo ditu Bilduren hautagaiak.

2011ko apirilaren 15a
18:11
Entzun

Iñigo Urkullu EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak Espainiako Gobernuari eskatu dio jendaurrean argitu dezala PPrekin akordiorik baduen Bilduren hauteskunde zerrenda guztiak inpugnatzeko.

Atzo Federico Trillo PPko Askatasun Publikoen eta Justiziako koordinatzaileak jakinarazi zuen "Bilduren zerrenda guztien kontra egiteko" akordioa lortu duela Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehen presidenteorde eta Barne ministroarekin. "Trillok esandakoa ez dago baieztatuta ofizialki edo, gutxienik, EAJk ez du erantzun sendorik jaso gobernuaren aldetik", esan du Urkulluk. "Eskertuko nuke dei bat jasotzea", gaineratu du, eta berretsi du EAJ ezker abertzalearen legeztatzearen alde dagoela.

EBBko buruak uste du hori guztia PSOEren eta PPren arteko "jokoa" dela, "gehiago zein den erakutsi nahian dabiltza, Itun Antiterrorista erabat hautsita dagoen arren".

EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen dute Bildu koalizioa. 

Ertzaintzak aztertu egingo ditu Bilduren zerrendak

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak esan du Ertzaintzak aztertu egingo dituela Bilduk maiatzaren 22ko hauteskundeetarako aurkeztuko dituen zerrendak. Haren arabera, Ertzaintzaren xedea Espainiako Alderdien Legea zaintzea da, "inork ez diezaion trufarik egin legediari bozetarako".

Ezker abertzaleak independentisten aurkako "sorgin ehiza" zabaltzea egotzi die PP eta PSOEri

Trilloren eta Rubalcabaren arteko balizko akordioa hizpide izan du ezker abertzaleak. Akordioak agerian uzten du hauteskundeetan nork parte hartzen duen PPk eta PSOEk erabakitzen dutela, ezker abertzalearen aburuz. Hala, legez kanporatzeen erabakia "politikoa" dela salatu dute.

Euskal Herriko ezkertiar eta independentista ororen aurkako "sorgin ehiza" zabaltzea egotzi die bi alderdiei. 40.000 euskal herritarrek eskubide zibil eta politikoak lapurtuta dituztela nabarmendu dute. Independentisten proposamena Espainiako Gobernuarentzat "arazoa" dela gaineratu dute. "Estatua mozorroa kenduta ari da, herri honi egiten dion eskaintza erakusten: salbuespen egoerako hauteskundeekin jarraitu, atxiloketak, tortura, bizitza osoko espetxe zigorrak bultzatu, herri mobilizazioak debekatu...".


"Estatuaren ildo errepresibo osoari" herri gisako iniziatiba politikoaz aurre egitera deitu du ezker abertzaleak

Une historikoak bizi ditugu, ardura osoz jokatzea eskatzen digutenak. Ezker Abertzalea hala ari da egiten, eta ardura horretatik, eta herri honekiko dugun konpromisoagatik, Estatuaren ildo errepresiboa osoari herri gisako iniziatiba politikoaz aurre egitera dei egiten dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.