Genero indarkeria

Bilgune Feministak emazteen haserrea plazaratuko du, Hendaiako hilketa dela eta

Elkarretaratzeak eginen ditu bihar Hendaian eta Hego Euskal Herriko hiri nagusietan, 19:00etan

Aitor Renteria.
2003ko urriaren 16a
17:01
Entzun

Emakumeenganako indarkeriari aurrea hartu lelopean, Bilgune Feministak elkarretaratzeak antolatu ditu hiriburuetan biharko, astelehenean Hendaian gertatutako hilketa salatzeko. Urriaren 13an gizon batek emazte ohia tiroz hil zuen Hendaian, hura lanera joateko etxetik atera zenean, eta ondoren bere buruaz bertze egin zuen.

«Hilketa hori ez da gertakari bakana, emazteek eguneroko bizian pairatzen dugun bortizkeriaren adierazpena baizik. Emazteek gure haserrea plazaratu nahi dugu, indarkeria estrukturalaz aski dela errateko», esan zuen Josune Eroa Bilgune Feministako kideak.

Sexu bortizkariaren aurkako neurriak hartzen dira, baina horien eraginkortasuna frogatu gabe dagoela agertu zuen Kizkitza Gil de San Vicentek. «Ba ote daukate gaitasunik emazte-objektuaren ideologiari aurre egiteko edo horrelako izugarrikeriak ekiditeko?», galdetu zuen. Emazteek pairatzen duten genero bortizkeria buka dadin prebentzio politika baten beharra azaldu zuten.

Biharko elkarretaratzeak iluntzeko 19:00etan izanen dira. Donostian, Bulebarrean; Gasteizen, Postetxearen ondoan; Iruñean, Herriko Etxearen inguruan, eta Hendaian, Champion saltegiaren aitzinean. Bilboko elkarretaratzea 19:30ean iraganen da, Plaza Zirkularrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.