Ezker Batuko liskarrak ez dira baretu, eta bi sektore nagusietako buruak elkarri muturka jarraitzen dute. Mikel Arana koordinatzaile nagusi eta legebiltzarkide denak «oso argi» esan du ez duela izan nahi aurreko larunbatean biltzarra egin zuen sektore kritikoko kideen koordinatzaile. «Biltzar horretatik Euskadi mailako alderdi politiko berri bat sortu zen, Izquierda Unidarekin inolako harremanik ez duena».
Liskarra «gehiegi luzatzen» ari dela uste du Aranak. Larunbateko biltzarraren ondoren zatiketa argia dela adierazi du, eta, beraz, «bakoitzak bere bideari» jarraitu behar diola. «Gu betiko lekuan mantentzen gara. IU Federalarekin harremana mantentzen dugu eta horixe da EB. Hortik kanpo daudenek has dezatela behingoz bere bidea; ez ditut alderdikide».
Aurreko larunbatean biltzarra egin zuten sektoreko buru Jose Navasek, berriz, siglen «konfrontazioa» sustatzea egotzi dio Aranari. EBren «zuzendaritza zilegia» larunbateko biltzarrean aukeratutakoa dela adierazi du, eta beraz, Arana dagoeneko ez dela EBren koordinatzaile nagusia. «EBren legebiltzarkidea da, ez besterik, eta espero dut EBrekin lotura mantentzea, transfuga izango baita bestela».
Biltzarra egin zuten EBko kritikoei ez direla IUren zati esan die Mikel Aranak
EBren siglen jabetzaren inguruko borroka sustatzea egotzi dio Jose Navas kritikoak Mikel Aranari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu