Herrira-ko abokatu Aiert Larrartek Radio Euskadin esan duenez, Auzitegi Nazionalak "de facto" legez kanporatu du mugimendua, bere jarduna bi urtez etenda. Halaber, uste du erabaki horrekin "euskal preso politikoekiko elkartasuna legez kanpo" uzten ari dela epailea, eta kezkatuta agertu da horregatik: "Ez dut uste Herrira-ren arazoa denik soilik; elkartasun sentimendu hori mugimendua bera baino askoz zabalagoa delakoan nago".
Auzipetuak, berriz, espetxetik libre gelditu dira, baina auzitegietatik ez. Eloy Velasco epaileak aske utzi ditu Herrira-ren kontrako operazioan atxilotutako hemezortzi lagunetatik hamalau, eta beste lauri bermea jarri die giltzapetik ateratzeko. Nolanahi ere, preso egongo ez diren arren, ez dira erabat aske gelditu: inputatuta jarraituko dute, pasaportea kendu diete, eta hamabostero joan beharko dute polizia etxera, sinatzera. Eta gainera, ezingo dute orain arte egiten zutena egiten jarraitu. Herrira-n egindako lanean, "presoen kontrolerako eta haiek goratzeko ekitaldietan" parte hartzea egotzi die, eta aurrerantzean horixe egitea debekatu.
Beraz, epaileak ez die kendu astelehenean leporatu zien akusazioa: euskal preso eta iheslarien eskubideen alde egindako lanagatik, "talde terroristako kide" izatea egozten die, presoei ongietorriak prestatzeagatik "terrorismoa goratzea", baita "erakunde armatua finantzatzea" ere.
Eta ez hori bakarrik. Astelehenean Guardia Zibilak egoitzak zigilatu zituenean atean jarritako paperean zioen bezala, Herrira-ren jarduera debekatu du Velascok, "badaezpada", gutxienez bi urterako. Herrira legez kanpo utzitako Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren "oinordeko" dela argudiatu du, eta "ETAko presoak kontrolatzeko tresna" dela dio.
Preso eta iheslarien eskubideen alde egindako lanagatik are zigor gogorragoa jarri nahi zien Miguel Angel Carballo Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak. Lau ez beste guztiak baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu baitzion, atzo, epaileari.
Hark ez zion men egin epailearen eskaerari, eta baldintzapean libre utzi zituen Amaia Esnal, Eneko Ibarguren, Ekain Zubizarreta, Roberto Noval, Beñat Zarrabeitia, Oscar Sanchez, Fran Balda, Sergio Labaien, Imanol Karrera, Eneko Villegas, Ane Zelaia, Gorka Gonzalez, Ibon Meñika eta Jose Antonio Fernandez. Espetxea saihesteko, berriz, 20na mila euroko bermea jarri zien Jon Garairi, Nagore Garciari, Manu Ugartemendiari eta Jexux Mari Aldunberriri. Soto del Realeko espetxera eraman zituzten Auzitegi Nazionaletik, bermea ordaindu arte. Atzo bertan atera ziren Garai eta Garcia, eta gaur aterako dira Ugartemendia eta Aldunberri, atzo arazoak izan baitzituzten bermea ordaintzeko tramiteetan.
15:00 aldera atera ziren Auzitegi Nazionaren eraikinetik libre utzi zituzten aurreneko hamar lagunak. Kolore urdineko zorro banatan euren trasteak zituztela —Herrira-ren kolorea ere urdina da—. Kanpoan zituzten zain familiakoak eta lagunak, eta eskerrak eman zizkien guztiei, emandako babesagatik. Ikusiak ikusi, arratsaldean deklaratzekoak ziren laurekin zer gertatuko zen kezka bazegoen senitarteko eta lagunen artean, baina, nagusi zen aske utziko zituzten itxaropena. Arratsaldeko zazpiak aldera jakin zen haiek ere libre aterako zirela. Atzo hartu zuten etxerako bidea.
Onintza Ostolaza abokatuak operazioa egiteko modua salatu zuen, 18 lagunak atxilotu egin zituztelako, 72 orduz Guardia Zibilaren esku eduki, eta Eloy Velasco epailearen aurrera eraman ostean libre utzi. Atxilotu zituzten lagunak deklaratzera deitu zitzaketen, indarrez eraman beharrean. Operazioaren emaitzarekin pozik, baina akusazioak larriak direlako kezkatuta dago Ostolaza.
Abokatuak bertan zirela, goizean hasi ziren atxilotuak epailearen aurrera eramaten, atzo. Inork ez zituen hark egindako galderak erantzun, Guardia Zibilarekin izandako jarrera errepikatuz. Izan ere, 18 atxilotuak ez zituztenez inkomunikatu, abokatuak aurrean zirela egin zieten galdeketa Guardia Zibilek ere, beraien esku zeuden garaian.
Abokatuak bertan egon zirenez, atxilotuen familiako eta lagunek bazekiten ondo zeudela eta Guardia Zibilak tratu "zuzena" eman ziela. Baina horrek ez zien arindu espetxera bueltaka hasi beharraren beldurra.
Urduritasuna atarian
Beldurra eta urduritasuna lagun, Auzitegi Nazionalaren atariraino joan ziren atxilotuen senide eta lagunak. Ika-mikak izan zituzten han poliziekin, eta identifikatu eta urrutiratu egin zituzten. Kezkak uxatu, eta poza lehertu zen atxilotuak aske utziko zituztela jakin zutenean, eta, are gehiago, ateratzen ikusi zituztenean. Txalo, malko eta besarkada artean hartu zituzten.
Egoitzaren kanpoko aldean izan zen Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatua ere, atzo. Erabakiaren berri jakin aurretik egin zituen adierazpenetan, 18 atxilotuak libre uzteko eskatu zuen. Eta Espainiako Gobernuari ere mintzatu zitzaion, bakea lortzeko "elkarrizketarako bideak" ireki zitzan eskatzeko.
Gainera, Madrilen bertan operazioa salatu eta Herrira-ri babesa azaltzeko elkarretaratzea ere izan zen atzo, Soleko plazan.