Iritzia. Miren Azkarate (euskaltzaina): Jean Gratien Haritschelhar

2013ko irailaren 2a
11:42
Entzun

Miren Azkarate, euskaltzaina

Berri mingotsa ekarri zigun 2013ko abuztuaren azken asteak: Jean Haritschelhar oso gaixo zegoen, ez zuen irtenbiderik. Oraindik ere egun batzuetan gure artean izango genuela uste izan arren, haren heriotzaren berria ekarri digu iraileko lehen egun honek. Sakonago bihurtu da azken egunetako tristura. Luzaz arituko dira egunotan hedabideak Jean Haritschelhar-en merezimenduez, haren egintzez, politikan, unibertsitatean, kulturgintzan zein Euskaltzaindian izandako erantzukizunez. Jakinik beste batzuek nik baino hobekiago azalduko dutela ondoko lerroetan idatziko dudana, hiru gauza azpimarratu nahi ditut.

Lehenik, Ipar Euskal Herrian utziko duen hutsunea, nekez aurkituko baitugu euskalgintzan edo kulturgintzan Jean Haritschelharek parte hartu bakarrik ez, lehen mailako gidaritza izan ez duen egitasmorik. Eta horrek esan nahi du Euskal Herri osora hedatzen dela hark uzten duen hutsunea.

Bigarrenik, Euskaltzaindian utziko duen hutsunea. Aro oso bat ordezkatzen zuen Jeanek, bi aro ere bai. Lekuko eta lehen mailako protagonista izan da urte luzez; euskaltzainburuorde gisa Euskara Batuaren erronkari heldu zion Euskaltzaindia bizi izan zuen; Euskara Batuaren aldeko borroka irabazi behar izan zuena. Orduan ere gazteen ondoan jarri zen Haritschelhar, beti izan baita gazte, azken ordura arte. Euskaltzaindiaren lan-moldeak errotik aldatu zituen Batzordeen sorrera ezagutu eta bultzatu zuen. Ondoren, euskaltzainburu izan genuen urteetan ahalegin biziena egin zuen lan hori guztia sustatu, bultzatu eta indartzeko. Aldez edo moldez,  bere garaikoak dira Euskaltzaindiaren lan handiak: Orotariko Euskal Hiztegia, Gramatika, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa… Guztiak ikusi ditu sortzen eta garatzen, nahiz gero argitalpenak kasu batzuetan ondoren etorri.

Eta hirugarrenik, gutako askoren artean utzi duen hutsunea. Izan ere, alderdi instituzionalaz haratago guztiok izaten dugu bestelako alderdi bat, bizitzan zehar izandako harremanetatik sortzen dena. Kasu honetan, Jean Haritschelharen harremanez baino gehiago, neureez eta beste lagun askorenez ari naiz, haren heriotzak utzi duen hutsunea azpimarratzean. Gizon onbera zen Jean, handia -gorputzez eta arimaz-, irribarre zabalekoa, maitatzea erraza zen pertsona. Biok estimatzen genuen biziki elkar, nik estimatzeaz gain miretsi ere bai. Agur esateko aukera eman diguzu, Jean, nahi baino laburragoa izan arren; asko geratu dira azken bisita hori egin nahian. Baina zuk bazenekien hori. Guztion izenean, Jean, “egun handira arte”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.