OSASUNA

Birus sintzitialak gripe epidemiaren eragina larriagotu zuen neguan

«Dena ez zen gripea izan», onartu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko koordinatzaileak

GASTEIZ
2005eko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Birus sintzitialaren epidemia bat jazo zen aurtengo neguan gripearekin batera, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hedabide honi eman dion argibidearen arabera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Osasun Publikoko koordinatzaile Enrique Peiroren esanetan, «den-dena ez zen gripea izan».

Gabriel Inclan Jaurlaritzako Osasun sailburuak urtarrilaren 24ko agerraldi parlamentarioan ohartarazi zuen osasun agintaritza ikertzen ari zela ea gripeaz gain arnas aparatuarekin lotutako beste eritasunen bat tartean ote zegoen.

Peirok esandakoaren arabera, birus sintzitiala «gripea eragiten duenaren oso antzekoa da»: «Oso zailak dira bereizten, eta sintzitialaren berezko ezaugarri bakarra da ume txikiek jasan izan dutela».Birus sintzitialak (RSV du izena, ingelesezko siglen arabera) pneumonia eragin dezake, okertuz gero. Eritasunari buruz zehazki jakiteko bide bakarra gaixoaren karkaxa laborategian aztertzea da.Gripe epidemiak urtarrilaren erdian jo zuen goia Euskal Autonomia Erkidegoan, 100.000 biztanleko 737ko tasara heldu zenean. Peiroren esanetan, «ezin da esan oso denboraldi gogorra izan denik». Azken bolada honetako gogorrena 2001-2002 denboraldian gertatu zen: orduan 856 kasuko tasara ailegatu zen.Birus sintzitialak eta beste batzuek «urtero» eragin izan dute, baina, normalean, kasu guztiak gripearen zakuan sartu ohi dira, bakoitza era batekoa izanda ere.Osasun Publikoko arduradunak baztertu egin du denboraldi honetako gripeak osasun sistemari ohi baino arazo gehiago sorrarazi dizkionik, baina ez du ukatu greba deialdiekin bat egiteak ondorioak areagotu zituela.«Gripeak ez du arazo berezirik ekarri, bi arrazoirengantik: alde batetik, argibide ugari dugulako osasun arloan hedatuta dauzkagun informazio-emaileei esker (larrialdien, Osabideren eta sendagile zelatarien sarearen datuetatik elikatzen gara); bestetik, aurtengo gripea ez da izan azken urteetakoaren aldean oso ezberdina eta, beraz, arrisku taldeak txertoa jarrita zeuden».Bestalde, Peirok uste du gripeak «nekez» joko duela goia berriro ere: «Estatistikoki, oso aukera gutxi daude denboraldi berean bigarren aldiz goia jo dezan, baina, nolanahi ere, ezin dezakegu erabat baztertu». Atzera ere gertatuko balitz, apirilaren lehenengo hamabostaldian izan beharko luke. Azken 15 urteetatik hirutan jo du bigarren aldiz goia denboraldi berean.

240.000 pertsona, birikietako gaixotasun kronikoak jota

Arnas Aparatuaren Eritasunei buruzko Hego Euskal Herriko Elkarteak emandako datuen arabera, 2004-2005 denboraldian Pneumologia Zerbitzuetara jo duten gaixo gehienak «eda-detuak» izan ziren, eta biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoak jotakoak hainbat; horietako askok tabakoa erretzearen eraginez jasaten dute.

Aipatutako elkarteak uste du 240.000 pertsona inguruk dutela eritasuna Hego Euskal Herrian. Gainera, elkartearentzat oso deigarria da gehienei gripearen aurkako txertoa jarri zitzaiela iazko udazkenean eta hala eta guztiz ere horrek ez duela saihestu neguan arnas aparatuaren arazo larriak jota egotea.

«Oso erne», pandemia dela eta

Beste alde batetik, Peirok «oso erne» egoteko eskatu du, nazioartean pandemia izateko arriskua dela eta, hegaztien gripearen ondorioz. Osasun Publikoko arduradunak uste du oraingoz ez dagoela zantzurik mundua pandemiaren atarian dagoela baieztatu ahal izateko, baina «tentu handiz» jokatu behar dela dio, badaezpada ere.

Zientzialarien aburuz, arazo nagusia hegaztien gripearen birusa aldatzea eta gizakiak kutsatzea izango litzateke; orain arte animalietan besterik ez da jazo. Ameriketako Estatu Batuetako Eritasunen Kontrolerako Zentroko ikertzaile Nancy Cox-ek otsailean esan zuen birusaren azpitipo batzuek espezieen arteko muga gaindi dezaketela.Pandemia 1968an gertatu zen lehendabiziko aldiz, Hong Kongen abiatuta, baina orduan ez zen oso gogorra izan. 1957an ere jazo zen. Nolanahi ere, 1918. urte-ko Espainiako gripearen epidemiak mundu osoko 50 milioi pertsona inguru hil zituen.Adituek ez dakite ez pandemia izango den, ez zer-nolako larritasuna izango lukeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.