Juan Karlos Alduntzin. Gipuzkoako Ingurumen diputatua

«Birziklatu ezin den hondar hori nonbait utzi behar da, ez erre»

Bildu ziur dago errauste plantarik ez dela behar, eta uste du horretaz konbentzituko dituela herritarrak ez ezik orain arte proiektu horren alde sutsu agertu diren alderdiak ere.

inaki petxarroman
Donostia
2011ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Ondo daki Juan Karlos Alduntzinek (Donostia,1962) kargua hartuz geroko hilabeteotan ia bakarrik jardun duela errauste plantaz eta Pasaiako kanpoko portuaz. Hurrengo urteotan, baina, bestelako alor batzuei ere heldu nahiko lieke, besteak beste, energia eraginkortasunari eta bioaniztasunari.

Hainbat ondorio atera dituzte, han eta hemen, EAJrekin hitzartutakoaz. Zertan jarri zarete ados?

Hitzartu dugu sei hilabeteko epean elkarrekin lan egitea, kontuan hartzeko udalek hartu duten norabide berria hondakinen gaika biltzeko sistemetan. Izan ere, horrek nabarmen eragiten du hondakinen kopuruan eta tipologian, eta plangintzak horri erantzun behar dio. Orain arte alderantziz gertatu izan da: Batzar Nagusiek erabakitzen zuten zer egin, eta udalek hori funtzionatzeko moduko bilketa egiten zuten. Hori astakeria bat da.

EAJk dio Batzar Nagusiek erabakiko dutela hondakinen politikari buruz.

Gure ustez, plangintza egileak gaizki egingo luke ez balu kontuan hartuko eskumena duenak zer egiten duen. Erantzun egin behar dio. Ez alderantziz. Gainera, dirua kudeatzaileak jarri behar du, ez plangintza egileak. Beraz, azken urteotako gatazka bukatu eta hondakinen gaia beste parametro batzuetan kokatu behar da. Sei hilabetean ea lortzen dugun bi muturrak hurbiltzea.

Baina errauste plantaren inguruan bost urteko atzerapenari eusteko asmoarekin jarraitzen duzue?

Guk oso garbi dugu: errauste planta ez da behar. Astakeria bat da erraustu ezin dena erraustea. Hau da, birzikla daitekeena ezin da erre, eta birzikla daiteke sortzen ditugun hondakinen %85-90. Geratzen den hondar zati horrekin zer egin aztertu egin beharko da, baina ez du balio kalorifikorik. Erregaia behar genuke erretzeko. Hori ez da bideragarria.

Batzuek diote errauste plantaren tamaina ari zaretela negoziatzen.

Ez. Ez da errauste plantarik behar. EAJk uste du baietz, errauste planta dela azken hondar zati hori kudeatzeko modurik egokiena. Ez gatoz bat, baina errespetatzen dugu. Orain, eztabaida parametro errealetan kokatu eta eraman behar dugu aurrera.

Baina ez zaizue iruditzen eztabaida dagoeneko lehendik hartutako erabakiek baldintzatua dagoela?

Jakina. Baldintzatzeko asmoz hartu zituzten erabakiak. Baina garaiz gaude buelta emateko. Sei hilabete ditugu eztabaidatzeko. Ondoren etorriko dira erabakiak, eta haiek aurrera eramateko behar diren azpiegiturak. Errauste planta geratu dugu, baina beste azpiegiturekin aurrera jarraitzen dugu, esaterako, Bergarako konpost plantarekin.

Hondakinak tokian-tokian jaso eta kudeatzea da zuen printzipioetako bat. Zer esan nahi du?

Orain arteko plangintzaren arabera, Gipuzkoa osoko hondakinak Zubietara ekartzea zen asmoa. Gure ustez, hori astakeria galanta da. Izan ere, zenbat eta gertuago, orduan eta hobeto egingo dugu. Egia da eztabaida oso biziatuta dagoela, baina informazioa ukatzearen ondorioa da hori. Eztabaida oso sinplea da. Denok sortzen ditugu hondakinak. Etxean nik ondo egiten badut bilketa, eta gaizki egiteagatik sortzen dudan kaltearen kontzientzia badut —zabortegiak dauden herrietan, esaterako—, hori ez gertatzeko nire esku dagoena egingo dut. Inor ez da jaio ondo egin daitekeena gaizki egiteko. Beraz, eztabaida ez da bi alderdiren arteko akordio politikoa lortuko den, baizik eta askoz ere oinarrizkoagoa.

Uste duzue Hernanin edo Usurbilen lortu diren birziklatze kopuruak lor daitezkeela Gipuzkoa osoan?

Gipuzkoako 60 alkatek adierazi diote partzuergoari hobeto egitera doazela. Noraino iritsiko diren ikusiko da. Berdin zait nola egiten duten bilketa: atez ate edo beste era batera. Atez ateko hainbat bilketa eredu ere badira.

Batzuek diote herri handietan ez dela posible bilketa atez ate egitea.

Eta zer da hiri handi bat? Ez al da auzo txikiz osatutako hiri bat? Hernani txikia al da? Hernanik baditu dentsitate handiko guneak eta lortu dute. Eta ez dugu ahaztu behar: 87 herrietatik 33 ez dira mila biztanlera iristen. Horiek zergatik sartu behar dute hondakinen zirkuituan? Landaguneko herriak dira gehienak. Egia da gero hiruzpalau hiritan biltzen dela populazioaren zatirik handiena: Donostia, Irun, Eibar... Badakigu, gainera, zer egoera politikoa dagoen horietan. Baina, Donostian, adibidez, edozer gauza eginda ere, kopuruetan izugarrizko saltoa eman daiteke. Eta badakigu San Marko mankomunitateak egin nahi duela industrialdeetako bilketa eraginkorrago bat. Bidea hori da.

Zein eskema duzue Gipuzkoa osorako. Zer azpiegitura beharko dira?

Lehendabizi, gaika bildu behar dugu sortzen duguna. Ontzien bilketa atez ate edukiontzien bidez baino bi aldiz handiagoa da. Zergatik ezin dugu dena bildu? Alemanian botilen %85 berreskuratzen dituzte. Hemen, %35. Gertutasuna zati organikoarekin lotzen dugu batik bat. Eskualde eta mankomunitateetan organikoa kudeatzeko konpostaguneak beharko dira: Bergaran, Sasietan, Tolosaldean... Zubietako eremu horretan, San Markon sortzen den organikoa tratatzeko azpiegiturak egin beharko dira, konpostagunea, biometanizazioa edo beste teknologiaren batekoak...

Errauste plantarik ezean zabortegiak ezingo direla itxi diote batzuek.

Zabortegiak itxi egin behar dira, legez. Beste kontu bat da hondar zatiarekin zer egin. Gure ustez, zabortegiak hondar horien biltegi bihurtu behar dira. Kalterik sortzen ez duen hondar zati hori, alegia, birzikla ezin daitekeen produktu hori, azken hondar hori, nonbait utzi behar da, ez erre. Ahal badugu, egungo zabortegiak erabiliko ditugu. Eta ezin bada, beste leku batzuk. Horrez gain, ikusi behar da zer egin daitekeen zabortegiek sortzen duten kaltea arintzeko. Badira esperientzia interesgarriak beste leku batzuetan: Italian, Katalunian... Ikusi beharko da irekita dauden hiru zabortegietan eta San Markon aplika daitezkeen.

Beldur zarete atez ateko sistemari buruz herrietan sor daitezkeen eztabaidekin?

Herritarrak eztabaidatzeaz ez gara beldur. Herritarrak ondo informatu behar dira, eta eztabaida sustatu, baina ez erosokerian oinarrituta. Ondo informatuta dagoenak badaki erosokeriaren ondorioz nonbait kalteak eta kutsadura sortuko direla. Eta hori norbere etxe ondoan inork ez du onartu nahi.

Errauste planta bertan behera utziz gero, zenbateko kalte-ordainak ordaindu beharko dira?

Hitz egiten ari gara enpresekin eta banketxeekin. Enpresek zer nahi dute? Lan egin. Hondakinak kudeatzeko enpresak dira, eta hondakinak ez dira desagertuko. Hau da, ez bada errauste planta, beste gauza bat egiteko prest daude. Negoziatu egin beharko da. Eta banketxeei azaldu behar zaie proiektu bideragarri eta sinesgarri bat, teknikoki, ekonomikoki eta, batez ere, finantzarioki. Hori eskatu dute. Horretan ari gara. Ziur gaude ez dugula kalte-ordainik ordaindu beharko.

Ziur zaudete errauste planta zuen kudeaketa plana baino garestiagoa dela?

400 milioi euroko kontuaz ari gara. Gu urrutitik ere ez gara horretara iritsiko.

Pasaiako kanpoko portuaz aspaldi ez dugu gauza handirik entzun. Hori zeren seinale da?

Orain egin da publiko ingurumen txostena. Beraz, egin nahi duten astakeria horri alegazioak aurkezteko garaia da. Sinetsita nago proiektuak bereak egin duela. Ez du justifikaziorik. Orain itxurakeria lotsagarria egiten ari dira. Gipuzkoak eta bere ekonomiak ez dute behar. Behar dute egungo portua askoz ere txukunago kudeatzea. Esan berri diot portuko presidenteari has daitezela pentsatzen barruko portuarekin jarraitu beharko dugula hurrengo hamarkadetan, eta hori nola hobetu dezakegun denon artean: udalek, diputazioak, enpresek eta portu agintaritzak.

Sustapen Ministerioarekin egon zarete? Baduzue haien asmoen berri?

Ez. Gainera, orain, aldaketa politiko honekin, zaila... Aurreko legealdian garbi azaldu zuen bere jarrera, eta proiektua hankaz gora jarri zuen bi arrazoirengatik: itsasoa ezin delako bete portua ez den ezer egiteko, alegia, planta energetikoz betetzeko. Eta barruko guztia ezin delako hirigintzarako erabili. Finantzaketa botatzen zuen zakarrontzira.

Badia barrurako zer duzue buruan?

Batetik, uste dugu portuaren jarduera komertzialak jarraitu egin behar duela. Horrekin batera, jarduera askoz ere egokiago egin behar da. Inguruan bizi garenon bizi-kalitatea ezin da hondatu enpresek nahi dutena egiten dutelako. Eta, bestetik, azken 30 urteotan portuaren jarduerarako erabili ez diren lurrak inguruko herriei itzuli behar zaizkie.

Lezo-Gaintxurizketako plana aipatu da... Nola ikusten duzue zuek horrelako operazio bat?

Inguruko udalek bultzatuta, bost industrialde egin dira eskualdean. Bostetan, lehen eskaintza portuko enpresei egin zaie. Bada, beti erantzun dute ez dutela behar. Eta orain bai? Zintzoki hala bada, prest gaude Lezoko Udalarekin elkarlanean aztertzeko ea orube hori egokia den. Baina parean 500.000 metro koadroko poligonoa egin zen, Lanbarrenen, eta ez dago portuko enpresa bakar bat ere.

Oceanak eta biologoek eskatu dute Miarritze eta Donostia artean korridore ekologiko bat egiteko.

Duela gutxi eskatu digute horrekin bat egiteko, eta bat egingo dugu. Horrekin batera, ministerioari bidaliko diogu eskari bat, onar dezan itsas korridore hori eremu babestu gisa.

AHTa Gipuzkoan eragin handiko proiektua da. Nola ikusten duzu?

Gure herria zatitu egiten duen proiektu txikitzaile baten aurrean gaude, inolaz ere beharrezkoa eta bideragarria ez dena. Izugarrizko diru publikoaren xahutzea dakar, eta etorkizunean ere energia gastu itzela eta kostua ekarriko ditu. Hiriak lotzen ditu eta herriak baztertzen. Lurraldea ez du kohesionatzen eta ez gaitu hurbiltzen beste herrialdeetara.

Hondarribiko aireportuari buruz zer asmo duzue?

Ez gaude zabaltzearen alde. Hiru milioi gara. Ez du zentzurik bost aireportu egoteak. Ondoan dago Miarritze. Hor dago Loiu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.