Birziklatzeak 400.000 lanpostu sortuko lituzke EBn

Bruselak ohartarazi du hondakinak ez direla egoki kudeatzen ari eta 72.000 milioi euro aurrez litezkeela

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Ohar serio bat egin die Europako Batzordeak Europako Batasuneko agintariei: hondakinen inguruko Europako legedia beteko balute eta birziklatze eta eraginkortasun printzipioak errespetatuko balituzte, 400.000 lanpostu baino gehiago sortuko lirateke 2020. urterako. Horrez gain, 72.000 milioi euro aurreztuko lirateke.

Alegia, baliabideak alferrik galtzen ari direla ondorioztatu du Europako Batzordeak, atzo bertan ezagutarazi zuen ikerketa batean oinarrituta. Ikerketak dio indarrean diren araudiei men eginez gero hondakinen kudeatzeko eta birziklatzeko sektorearen negozio bolumena urtean 42.000 milioi euro haziko litzatekeela.

«Indarrean den araudia egoki beteko balitz, kutsadurari, osasunean eragiten diren kalteei eta garbiketa operazio handiei aurre egiteko erabiltzen diren dirutza handiak aurreztuko lirateke», nabarmendu du Janez Potocnik Europako Batasuneko Ingurumen komisarioak ikerketaren aurkezpenean.

Europako Batzordeak egindako ikerketaren arabera, hondakinak deusezteko legez kanpoko jarduerak oso zabalduta daude 27 estatuetan. Eta, hain zuzen ere, haiei leporatu die «hazkunde ekonomikoarentzako aukera ezin hobea» alferrik galtzea. Legez kanpoko jarduera horiek kontrolatzeko eta desagertzeko hondakinen kudeaketaren inguruko «kontrol zorrotzagoa» eramateko eta datu gehiago biltzeko eskatu die Europako Batzordeak gobernuei.

«Baliabide hau lurperatzea itsu baino itsuagoa da», ohartarazi du Potocnikek. «Ez dugu ahaztu behar birziklatutako materialak merkeagoak direla sortzen diren lehengai berriak baino, eta, gainera, berotegi efektuko gasak eta inportazioekiko dugun mendekotasuna gutxitzen laguntzen dutela», gaineratu du komisarioak.

Ikerketaren arabera, hondakinak kudeatzeko eta birziklatzeko sektoreak hazteko gaitasun handia dauka. 2008an hauek ziren negozioaren zenbakiak, ikerketaren arabera: 145.000 milioi euroko negozio bolumena —barne produktu gordinaren (BPG) %1 inguru—eta bi milioi lanpostu.

Europako Batasuneko 27 estatuen ekonomiak hamasei tona material baliatzen ditu pertsonako eta urteko. Haietatik sei tona inguru hondakin bilakatzen dira erabileraren ondorioz, eta horien erdiek zabortegietan bukatzen dute. Europako Batzordeak uste du hori ez dela garapen iraunkorraren eredurako batere egokia.

Hala, ikerketa horren edukiak eta ondorioak aztertuko ditu aurrera begira egoera hori zuzentzeko behar diren ekintzak martxan jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.