Gatazka gainditu eta presoen afera konpontze aldera urratsak egiteko prest agertu da Euskal Preso Politikoen Kolektiboa (EPPK) azkenaldian. Horretarako, hainbat pauso ere eman ditu: presoen auziari buruz hitz egiteko mintzaidetza hautatu eta publiko egitea izan da adierazgarriena. Baina zaila zaio egin nahi duen lana egitea. Batetik, Espainiako zein Frantziako gobernuek presoen gaia «blokeatuta» daukatela salatu berri du kolektiboak. Bestetik, kartzelan egonik, kalearekiko zein bertako eragileekiko harremanak izateko bidea oztopoz betea du. Hori errazteko prest agertu dira 25 lagun. EPPKren mintzaidetzak berak egin die interlokuzio lanetan aritzeko eskaera, eta lana beregain hartu dutela jakinarazi dute jendaurrean.
Presoekin lotura handia duten pertsonez osatutako taldea da bitartekari arituko dena: preso ohiek eta kartzela ezagutu duten abokatuek osatzen dute. Gizarte eragileei presoen hitza helarazten eta eragileen iritzia jasotzen saiatuko direla azaldu dute, eta «datozen egunetan» hasiko dituztela «kontaktuak».
Itziar Galardik, Aintzane Orkolagak eta Jose Campok eman dute beregain hartu duten lanaren berri euskaraz, gazteleraz eta frantsesez, gainontzeko taldekide gehienak alboan dituztela. EPPKren mintzaidetza «eragile sozial eta politiko ororekin presoen egoera eta irtenbidearen inguruan mintzatzeko prest» agertu dela ohartarazi dute, eta «presoen hitza entzunarazteko eta eragile horien iritzi eta posizioa zuzenean jakiteko deia» ere egin dutela.
«Urrats horiek egiteko dauden zailtasunak gainditzen laguntzeko», presoen kolektiboaren mintzaideek laguntza eskaera zuzena egin diete atzo aurkeztutako taldekideei. «Eragile guztiekin bideak irekitzeko bitartekari lana egiteko» eskatu diete, eta baiezkoa eman dute 25ek: «Zeregin hori egiteko lekukoa hartzen dugula jakinaraztera etorri gara».
Taldea osatzen dutenen partaide guztiek «espetxe politikaren ezagutza zuzena» dutela azaldu dute. Horietako batzuk, urte luzetako espetxealdiak bete dituztela. Aurkezpeneko lehen lerroan egon den Jon Agirre Agiriano da froga: 30 urtez izan zuten preso, azken urteak oso gaixo gainera.
Taldearen egitekoa «sinple eta argia» dela diote taldekideek: «Eragileei mintzaidetzarekiko harremanak ireki eta garatzeko erraztasunak ematea».
Izan ere, bere ustez, «itxikeria eta blokeo jarrerak albo batera utzi eta presoen egoerari eta konponbideari ateak irekitzea premiazkoa da. Agintari politikoek temati jarraitzen badute ere, EHko eta nazioarteko eragileekin hartu emanak abiatzeak berebiziko garrantzia du».
Presoak «gatazkaren ondorio eta parte» izanik, «konponbidearena ere» badirela diote, eta konponbiderako, presoekin mintzatzea «ezinbestekoa» dela. Hargatik hasiko dute eragileekiko lana.
Bitartekari talde batek EPPK gizarte eragileekin harremanetan jarriko du
«Eragileei mintzaidetzarekiko harremanak ireki eta garatzeko erraztasunak ematea» izango da 25 lagunen betebeharraPresoekiko lotura estua duten kideek osatzen dute taldea: preso ohi eta abokatuek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu