1. Zer interes erakusten du Ipar Euskal Herriko herritarrak Eusko Legebiltzarrerako boz hauei begira?
2. Bakegintzan eta normalizazio politikoaren bidean aurrerapausoak emateko balioko dute?
3. Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko harremanetan eraginik izango dute?
1.Badira, bistan da, abertzaleak interes handi batekin begiratzen diotenak hauteskunde horiei, oinarrizko eta funtsezko aldaketa bat delako lehian, abertzaleen gehiengoarekin. Politika orokorraz interesatzen direnak ere badira, eta badakite ezker abertzalearen itzultzea dela jokoan. Baina hauteskundeak jarraitzen dituzten horiek ez dira gehiengoa. Oro har, ez da interesik ageri. Erran behar da momentuko kanpaina aktualitatetik kanpo gelditzen ari dela.
2.Beti balio du, hauteskundeek, boterea banatzeaz gain, erakusten dutelako indar harremana zertan den ere eta zein onarpen duten jokoan diren proiektuek. Hemendik ikusita, uste dut abertzaleen arrakasta dela sorpresa izanen, ikusiz PP eta sozialisten gain den konfiantza eza eta eraman duten krisiaren kudeaketa. Bakegintza aipatuz, abertzaleek, eta batez ere ezkerreko abertzaleek, dute prozesu honen barnean seriostasuna eta nahia erakusten. Beraz, bai, balio du, baina ez da urrundik ere elementu erabakigarri bat. Uste dut korridoreetako harremanek eta elkarretaratze diskretuek edo sekretuek dutela gehiago aitzinarazten bakea. Egunerokotasunean, normaltasuna itzultzen ari dela ikusteak ere laguntzen du, baina horrek ez du kentzen orandik anitz gauza badela konpontzeko.
3.Harreman horiek ez dira lehentasun Hego Euskal Herrikoentzat, ez eta ere ezker abertzaleentzat. Sinbolo bat da abertzaleentzat, erakusteko nazio bat garela, hori frogatzeko harreman horiek indartzea nahi dute, baina sinboloetan gelditzen da. Espainol eskuinak eta ezkerrak ere interesa erakusten dute. Baina ez dut uste gauza handirik aldatuko denik, gai hori ez da agertzen programetan eta mintzaldietan. Dena dela, emaitzen arabera izanen da. Gehiengoaren arabera, sentituko da beharbada aldaketa euskal kultur eta hizkuntz munduarentzat, azkarki moztuak izan direlako funtsak. Arlo horretan alda daiteke hein batean, hein batean bakarrik, krisia dutelako eta sos zailtasunetan direlako ere.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Galdera zuzena
Bixente Vrignon
Kazetaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu