Epai politikoa jaso dutela uste dute bizardunek. Hala adierazi du Mikel Valdiviesok: "Guk epaiketan argudiatutakoari arrazoi ematera dator epailea: herritar sektore zabalak baztertu eta zigortzen dituen legeak ditugu, eta hortik eratortzen diren sententzia politikoak". Kaltetuen ustez, jendearen haserrea eta aldaketa gogoa eragozteko helburua dute epaileak, UPNk eta PSNk: "Hauxe da gure sententziaren atzean dagoena: herri gogoa zigortzea, gutxi batzuen helburu politikoak blindatzeko".
Arazoaren sorburuari heldu beharrean, Valdiviesoren ustez, egungo egoera "bidegabea" salatzen dutenei oldartu zaizkie, "espetxe zigorrarekin, diruarekin eta oinarrizko eskubideak zapalduz". Bosna hilabeteko espetxe zigorra ezarri die epaileak, eta zigortuek helegitea aurkeztuko dute. Mikel Valdivieso, Iker Garzia, Natxo Barriuso eta Iñigo Ramaio dira zigortutakoak. Josu Gracia absolbitu egin dute, ekintza grabatu zuelako soilik.
2013ko uztailaren 6an, sanferminetako txupinazoan, ikurrin erraldoi bat zabaltzeagatik epaitu dituzte bost iruindarrak. Urriaren 8an ekin zioten ahozko epaiketari, eta lehen saioan onartu zuten auzipetuek ikurrina jarri izana.