euskal herria

Bizi-baldintzak ere, kondena

Baionako presondegia ez da gehiago gaurkotasun betean, baina presoen bizi-baldintzen arazoek segitzen dute bere horretan. OIP eta Genepi elkarteko bi kidek barroteen gibeleko errealitatearen berri ematen dute. Erreportajea Ipar Euskal Herriko Hitza-n argitaratu da gaur.

Joanes Etxebarria.
2013ko martxoaren 22a
10:41
Entzun

Baionako presondegia txikia da. Han diren presoek kondena laburrak betetzen dituzte. Han ez da euskal preso politikorik. Beharbada, horregatik aipatzen da hain gutxi. Edo presondegi gehienen kasuan bezala, bakarrik gertakari larriek ekartzen dute plaza publikora, hala nola 2010ean OIP presondegien nazioarteko behatokiak jakinarazi zuelarik preso batek bere buruaz beste egin zuela Baionan.

Alta, gaur egun ere bada zer erran presoen bizi-baldintzez. Baionan kondena laburrean edo epaiketaren aiduru badira ere, eskubideak berak dira preso ororentzat. Urtarrilean, 104 preso baziren Santa Espiritu auzoko presondegian, gehienik 70 har ditzakeelarik. Kondena laburrak izaki, kopurua aldatzen da laster, eta, OIPko Maite Etxeberriaren erranetan, "udan gehiago metatzen dira".

Bederatzi metro karratuko ziega batean hiru pertsona metatzeaz gain, preso kopuru horrek beste ondorio batzuk badituela oroitarazi du Etxeberriak: "70 leku baldin badira, erran nahi du dena 70 presorentzat egina dela: medikuntza, dutxa kopurua, bisitarako joan-jinak... hortik tentsioak sortzen dira", behatokiko kidearen arabera.
Baionako berezitasun bat da, bestalde, ireki zen data: 1891. urtea. Geroztik, erran gabe doa, lanak egin dira, baina barnean higiene eskasa dela erran dute preso ohi batek baino gehiagok —besteak beste Sebastien Binet abokatuak defendatu dituenak; ikus 5. orrian—.

Ikasturtea, tailerrik gabe

Presondegira hainbat elkarte sartzen badira ere, Gurutze Gorria bezala adibidez, Genepi presoei tailerrak proposatzen dizkien ikasle elkarteari ateak itxi dizkiote —edo ez ireki behintzat— ikasturte hasieratik. Kontuan hartzekoa da Genepin gazteak direla, preso gehienak bezala, beraz egiten duten lanaz gainera hurbiltasuna badela adinean.

Chloe Etxamendi elkartearen eskualdeko arduradunak argitu du azken lauzpabost urteetan kurtsoak proposatu badituzte ere gogoeta baten ondorioz beste zerbait proposatu nahi dutela orain: "Guretzat jestu militante eta politiko bat da. Presondegietan ez dute aizu adierazpen politiko eta kolektibo momentu baten ukaitea; gu horregatik sartzen gara, elkarrekin mintzatzeko". Tailerrak egitea galdetu zuten, eta administrazioak ez die oraindik baimenik eman berriz presondegian sartzeko.

"Gu ez gara estatuko langileak, urririk hartuak". Ikuspuntu hori plazaratu dutenetik, trabak dituzte beraz parean. Administrazioko hainbat entitate dira baiezkoa eman nahi ez dietenak, baina, horien gainetik, Etxamendik zehaztu du badela urte bat ari direla "mintzatzen zuzendariekin, ez Baionakoekin bakarrik, gainekoekin ere bai, beste hitzarmen bat egiteko. Azkenean, bakarrik kurtsoak idatziak dira, eta hori ez dute oraino sinatu. Ez badute izenpetzen hitzarmena, ezin gara sartu oraino".

Horren ondorioz, baliteke presoek ikasturtea Genepiko kideen bisitarik gabe iragatea. Genepiko arduradunaren ustez, "lehenago ez zuten ikusten militanteak" zirela, eta baliteke hortik heldu izana aurten dituzten oztopoak.

Erremedioak eta kondenak

Barneko bizi-baldintzetan, beste hainbat arazo aipatu ditu OIPk. 2011. urtean presoen %24 kanpotarrak ziren, presondegiko datuen arabera. Horien abokatuek bisitatzen dituztelarik, adibidez, presondegiak ez du itzulpenik segurtatzen, eta, Maite Etxeberriaren erranetan, "usu beste preso batek ditu itzulpenak egiten".

Bestelakoak ere izaten dira OIPk kausitzen dituen dokumentuetan barneko egoeraren berri ematen dizkioten informazioak: "harrigarria da zenbat erremedio mota, zenbat lasaigarri barreiatuak zaizkien presoei", eta, Etxeberriaren ustez, "komeni zaie". "Lasaigarriak hartzen dituen preso bat ez da mugitzen, ez da borrokatuko eta bere zeldan egonen da". Frantzian presoen herenak psikiatrikoki eri direla salatu du OIPk.

Bestalde, 2010ean izan zen suizidioak erakusten du presoen egoera justiziak baldintzatzen duela hein handi batean. Etxeberriak, presoen familien bitartez ukan zuelarik gertakariaren berri, abokatuarengana jo eta jakin zuen nola iragan zen auzia: "Ohartu ginen orduko zuzendariak gutun bat egin zuela auziarentzat erranez ez zela presondegira kondenatu behar, ospitale batera joan behar zuelako. Hala ere, presondegira kondenatu zuten, eta, gainera, metatu zizkioten beste kondena batzuk".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.