Espainiako Gobernuak zigor kodea aldatzeko dekretu bat onartu du gaur, ministroen kontseiluan. Gogortu egingo dute zigor kode guztia: zigor zorrotzagoak jasotzen dira alor guztietan —suteak, bahiketak, ordena publikoa, mehatxuak…—, kartzela zigorrak areagotu egingo dituzte, eta espetxe onurak txikitu.
Bizi guztiko kartzela zigorra jartzeko asmoa du PPk terrorismo delituetarako. Zigorra berrikusteko aukera izango dela esan du Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak; baina ezingo dira berrikusi 25-35 urte baino lehen. Behin betiko kartzela zigorrak nazioarteko legedia eta Espainiakoa betetzen dituela nabarmendu du.
Bestelako "hilketa kasu batzuetan" ere behin betiko kartzela zigorra ezarriko dute. Lau aukera: biktimak 16 urtetik behera baditu, sexu erasoen ondoren egin bada hilketa, hilketa bat baino gehiago egin bada eta hiltzailea talde armatu bateko kidea bada.
Baldintzapean aske uztea, hemendik aurrera, "zigorraren betearazpena etetea" izango da; hots, baldintzapeko askatasunean dauden pertsonek bitarte horretan deliturik eginez gero, zigorra oso-osorik beteko dute aurrerantzean.
Kartzelatik atera ondoren zaintzapean egongo dira bortxatzaileak. "Segurtasun zaintza" izango dute, deliturik egingo ez dutela ziurtatzen ez bada. Hamar urtera artekoa izango da.
Hezkuntza erreformarako aurreproiektua, bidean
Hezkuntza erreformatzeko lege proiektua ere aztergai izan du gaur Espainiako Gobernuak. Zabaldu diren informazioen arabera, Hegoaldeko curriculumaren %65 berak ezartzea da Madrilen asmoa —orain %55 ezartzen du—. Aurrez iragarritako neurriak ere ageri dira erreforman: irakastaldi amaierako azterketak, besteak beste.