Bizi-itxaropenak gora egiten jarraitzen du: egun, 84,3 urtetan dago emakumeena, eta 77,2 urtetan gizonena; 2020rako aurreikuspenen arabera, 87,3ra eta 81,2ra igoko dira zenbaki horiek, hurrenez hurren. Horrekin batera, osasun onez edo mendekotasunik gabe bizi diren urte kopurua ere igo da, baina gaixotasun kronikoak lehenago agertzen direla ohartarazi du Jose Asua Osasun Saileko ordezkariak: «Kronikotasunerako estrategia osogarrantzitsua da, gaixoen bizi-kalitatea hobetzeko». Izan ere, Europako batez bestekoarekin alderatuta, 65 urtetik gorako jende asko dago EAEn (%18,6), eta haur gutxi (%12,6); dena den, biztanleria hazi egingo dela diote proiekzioek, «apalki» bada ere, etorkinen ekarpenari esker.
2007an EAEn bizi ziren 100.000 lagunetik 506 hil ziren; heriotza tasa hori baxua da. Europan 641 pertsona hil ziren ehun mila biztanleko. Sexuaren arabera aztertuta, aldiz, nabarmentzeko moduko aldea dago: gizonen heriotza tasa 687koa da, emakumeen tasaren ia bikoitza (363). Azken urteotan EAEn izandako eta Europan oraindik jarraitzen duen joera hautsita, tumoreak bihurtu dira heriotzen lehenengo arrazoia, zirkulazio sistemako arazoen eta arnas sistemako arazoen ondoren. Laugarren postuan daude kanpoko arazoak, eta horien artean suizidioak dira kausa nagusia, hau da, hirugarren urtez auto istripuek baino heriotza gehiago eragin zituzten 2007an.
Pobreek, osasun okerragoa
2007an, gizonen %83k eta emakumeen %77k ontzat, oso ontzat edo bikaintzat jo zuten norbere osasuna. Halere, txostenak dio gizarte desberdintasunak nabaritzen direla pertzepzio horretan: «Baliabide gutxiago dutenek eritasun gehiago jasaten dituzte, eta mendekotasun handiagoa dute».
Edonola ere, osasunean eragiten duten faktore ez medikoetan emaitza onak agertu ditu txostenak, oro har. Tabakoaren kontsumoak behera egin du bi sexuen adierazleetan, baita alkoholarenak ere, nahiz eta gizonek emakumeek baino narbarmen gehiago edaten jarraitzen duten. Elikadurari dagokionez, emakumeek gehiago zaintzen dute euren burua eta ohitura osasungarriagoak dituzte, baina gizonek baino kirol gutxiago egiten dute, lanaldi bikoitzaren ondorioz. Hala, emakumeen %12k eta gizonen %13k loditasuna dute, eta aurreikuspenek diote goranzko joera ez dela geldituko. XXI. mendeko izurritea deiturikoa osasun agintarien kezka handienetako bat da, loditasunak beste zenbait gaixotasun kroniko ere eragiten dituelako, besteak beste, diabetesa.
Betalde, Europako estatuetako datuak aintzat hartuta, osagilearengana sarrien joaten direnen artean daude Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak: 8,1 kontsulta mediko egiten dituzte urtean. Gastua, ordea, beste ildo batetik doa: azken urteotan zenbatekoak gora egin duen arren- BPGaren %6,9 bideratzen du Jaurlaritzak osasun gastuetara- Europako batez bestekoaren (%9) azpitik. Txostenak dio osasun sistemaren izaera publikoa mantentzen dela, EAEn guztira osasunean gastatzen den diruaren %61,8 Osakidetzatik eta Osasun Sailetik datorrelako. Mendekotasunarekin lotutako asistentzia gastuek egin dute gora bereziki.
Erabiltzaileek 8ko nota eman diote Nafarroako osasun zerbitzuari
Nafarroako osasun zerbitzuei buruz duten iritzia eman dute erabiltzaileek, eta 10 puntutik 8,05eko kalifikazioa eman diote. Erabiltzaileek ondoen baloratzen dutena erizainen eta medikuen lana eta adeitasuna dira: 8,60tik gorako kalifikazioa jaso dute osasun zerbitzuaren ebaluazioa egiteko inkestan. Aldiz, erabiltzaileek okerren baloratzen dituztenak dira telefono bidez osasun zerbitzuarekin harremanetan jartzea -6,73ko kalifikazioa jaso du-, itxarongeletan eman behar den denbora-6,76ko kalifikazioa eman diote-, eta medikuarekin ordua lortu ahal izatea -7,10eko kalifikazioa eman diote erabiltzaileek-.Osasunbideko 9.100 erabiltzailek egin zuten inkesta, 26 osasun zentrotan, iazko abenduan. Atzo jakinarazi zituen datuak Osasunbideko Lehen Arretako zuzendari Cristina Ibarrolak. Iragarri du aurten ere egindo dela inkesta hori.