Frantziako Auzitegiak bizi osorako espetxe zigorra ezarri dio Mikel Karrerari —22 bete beharko ditu gutxienez— Capbretonen bi guardia zibil hiltzeagatik. Saioa Sanchezi 28 urteko zigorra jarri dio, Ibon Gogeaskoetxeari zazpikoa, Eider Urubururi bostekoa, eta garai hartan ETAko buruzagi zelako bederatzikoa Garikoitz Aspiazuri.
Iratxe Sorzabal ere epaitu dute, sasian egon arren, eta bost urteko zigorra jarri diote. Asier Bengoa absolbitu egin dute delitu horretatik, baina 15 urtekoa jarri diote beste batengatik.
Fernando Trapero eta Raul Centeno guardia zibilak tiroz hil zituzten 2007ko abenduan. Tiroketa 09:30 aldera gertatu zen, Capbretongo hirigunean dagoen Leclerc saltegiko aparkalekuan. ETAren aurkako borrokako informazio lanetan ari ziren bi guardia zibilak, Espainiako Barne Ministerioko iturriek jakitera eman zutenez.