Euskal presoak

Bizi osorako espetxe zigorraren aurkako mozioa onartu du Zornotzako Udalak

Herrira mugimenduak salatu duenez, EAJren «azpijokoen» ondorioz PSEk mozioaren aurka bozkatu behar izan du

Jose Mari Sagardui Gatza-ren emaztea, erdian, Juan Jose Legorburu eta Martin Akaiturren aitekin, 2006an. BERRIA.
Arnaitz Lasarte.
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
Zornotzako Udalak (Bizkaia) bizi osorako kartzela zigorraren kontrako mozio bat onartu du. Bilduk aurkezturiko mozioan bi eskaera egin dituzte. Batetik, zigorra beteta duten herriko bi presoak, Iñigo Akaiturri eta Juan Jose Legorburu, berehala aske uzteko eskatzen dute— Akaiturrik 2010eko ekainean bete zuen zigorra, eta Legorburuk 2009ko apirilean —. Bestetik,indarrean dagoen espetxe politika aldatzeko eskatu dute, eta espetxe zigorra 40 urtera luzatzea ahalbidetzen duen araua ez aplikatzeko ere bai.

Ostiralean Zornotzako udaletxean egin zuten ohiko bilkuran, Bilduko zazpi ordezkariek bozkatu zuten mozioaren alde; EAJko zortzi zinegotzi abstenitu egin ziren eta PSEko bi zinegotziek mozioaren kontra bozkatu zuten. Nahiz eta mozioa aurrera atera, Zornotzako Herrira mugimenduak EAJren jarrera salatu nahi izan du. Mugimenduaren arabera, PSEk mozioaren alde bozkatzeko konpromisoa hartu zuen, baina, azkenean, aurka bozkatu behar izan du EAJk egindako «azpijoko» baten ondorioz. Hala ere, Herrira-k azpimarratu du PSEko zinegotzi Antonio Castelletek bere iritzia eman zuela bilkuran. Akaiturrik eta Legorburuk aske egon behar luketela adierazi zuen zinegotziak, Parot doktrinaren aurka agertu zen eta euskal presoak hurbiltzearen alde.

Udalean presoen aldeko adierazpen bat onartu asmoz, Zornotzako Egin Dezagun Bidea herri ekimenak bilerak egin zituen alderdi politikoekin urtarrilean. Bilduk udaletxean mozioa erregistratzeko konpromisoa hartu zuen. EAJrekin bilera bat egin zuten, eta berriz elkartzekotan geratu ziren. Ez ziren berriz elkartu, ordea. EAJk gutun bidez erantzun zien, lehenproposamenarekin zerikusirik ez zuen bestelako mozio batekin. PSErekin, aldiz, bilera ugari egin zituzten. Herrirak azaldu duenez, iritzi kontrajarri asko zituzten bi aldeek. Hori dela eta, ados zeuden puntuak aurkitu zituzten, eta mozioa moldatu egin zuten, azkenean.

Herrira-ren arabera, «ezustekoa» ohiko bilkura egin baino bi egun lehenago heldu zen. Mugimenduak dio EAJk berri agentzia batera filtrazio bat bidali zuela: «Zornotzako PSEk eta Bilduk ETAko bi presoren askatasuna eskatuz mozio bat onartu behar zutela zabaldu zuten». Albistea PSOEren zuzendaritzara iritsi zen, eta hark mozioaren aurka bozkatzera behartu zituen herriko bi zinegotziak. Herrira-k adierazi du EAJk «zikin» jokatu duela: «Elkarbizitza eraikitzen hasteko urrats txiki bezain adierazgarri bat oztopatu du». Herrira mugimenduak, martxoaren 24an Zornotzan egingo duten manifestaziora deitu ditu herritarrak; eta dei berezia egin die EAJren eta PSEren boto emaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.