Bertizko jauregian egin dute agerraldia Iñigio Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek. Aurrez aurkakorik esan zen arren, hitzartzea adostu arren, bakoitzak bere adierazpena egindu, nahiz eta puntu nagusiak berak izan, alegia, biktimak aitortu beharra eta testuinguru berrira egokitzeko lanean jarraitzeko konpromisoa.
Azken komunikatuan biktimak aipatu ere egin ez izana gaitzetsi dute bi gobernuburuek, biana onartu dute ETAren amaierak tetsuinguru berria sortzen duela, eta horrek, aldi berean, bide anitzak eskaintzen. "Gure erantzukizuna da oroimen kolektibo bat eraikitzea", zehaztu du Barkosek.
"Terrorismoak eta indarkeriak eragindako minaren aitortza eta erreparazioa behar ditugu, eta baita biktimek egiarako duten eskubidea aitortu ere. Inoiz ez zen gertatu behar hain kontu lazgarririk eta orain oinarriak sendotu behar ditugu halakorik berriz errepika ez dadin", adierazi du Nafarroako gobernuburuak.
Memoria eraiki beharraz aritu da Urkullu ere, "memoria kritikoa". Gogorarazi du Jaurlaritzak behin baino gehiagotan eskatu izan diola ETAri desegiteko eta baita zehaztu ere erabakiak "alde bakarrekoa, eraginkorra eta behin betikoa" izan behar zuela. "Gaur gure kezka iturri izateari utzi dio. Ez du gehiago indarkeria legez kontra erabiliko Euskal Herriaren izenean".
Helburuak
Aurrera begirako helburu eta konpromisoak ere zehaztu dituzte bi lehendakariek. Lehenik eta behin memoria "anitza eta partekatua" sendotzea; giza eskubideen biktima guztiak aitortzeko eta erreparatzeko politika publikoak; eta bizikidetza zein giza eskubideen aldeko hezkuntza.
Konpromisoen artean, iraganari buruzko adierazpen kritikoa eta globala bultzatuko dute, "indar politiko guztiek partekatuko dutena". Horretarako oinarriak ere zehaztu dituzte: biktima guztien aitortza; edozein indarkeria motaren legitimazioari uko egitea; eta indarkeria bidegabea izan zela aitortzea.
Espetxe politikari buruzko lan taldea sustatzea ere edostu dute, Madrilekin elkarlanean, beti ere. Horretaz gain, legezko bideak garatzera dei egin diete presoei, "indibidualizazioaren, egindako minaren aitortzaren eta gizarteratzearen printzipioak" oinarri hartuta. Eurek bere aldetik iragarri dute lan egingo dutela presoak gerturatzeko prozesua azkartzeko; eta preso gaixoei, 70 urtetik gorakoei edota adingabeak ardurapean dituztenei irizpide humanitarioak aplikatzeko.