Azaroaren 12tik abenduaren 15erako bost ikastaro antolatu dituzte, lau herritan, doan. Eibarren, Arrasaten, Donostian eta Tolosan egingo dituzte ikastaroak. Pertsona, gatazka eta adiskidetzea izango dituzte ardatz, eta, Jonan Fernandezek azaldu duenez, lau ideia nagusi transmititzen saiatuko dira: batetik, bizikidetzarako ezinbestekoa dela pentsatzea norberaren perspektibak ez direla osoa; bigarrenik, zailtasunak asko izan arren aukerei begiratu behar zaiela; hirugarrenik, norberaren ekintza etikoen ardura asumitzea; eta laugarrenik, bizikidetzaren ardatza gizakiaren duintasuna dela.
"Bake prozesuan murgilduta gauden honetan, giza eskubide guztien errespetua beharrezkoa dela azpimarratu du Marina Bidesoro Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen eta Oroimen Historikoaren Zuzendaritzako buruak, Fernandezekin batera Donostian emandako prentsaurrekoan. Elkarbizitza eta adiskidetzea ezinbesteko jo ditu, "irekita dauden zauriak ixteko".
Egitasmoan parte hartzeko deia egin die udalei Bidesorok. Fernandezek azaldu duenez, bizikidetza kontuetan interesa duten guztientzat da ikastaroa, bereziki irakasle, aisialdirako begirale, elkarteetako arduradun, udal teknikari, gizarte hezitzaile, gizarte langile eta gaian erantzukizuna duten kargudun, politikari eta profesionalentzat. Izena emateko, 943-25 10 01 telefonoa markatzeko edo www.baketik.org webgunera jotzeko deia egin dute.