Bizikleta bat oparituko dio Bizi taldeak Miarritzeko auzapezari, aldarri gisa

Bizi taldeko kideak, atzo. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Klima aldaketaren arriskuak abantzu saihetsezinak diren honetan, Bizi taldeak bizikleta bat helarazi nahi dio Didier Borotra Miarritzeko auzapezari (Lapurdi), aldarri gisa. Izan ere, taldeak azpimarratu du Miarritzeko Herriko Etxeak «deus gutxi» egin duela bizikleta bideak plantan ezartzeko, «trabak jartzea ez bada». Gainera, azpimarratu du autobusentzako berezko bidea osatzerakoan Miarritzek aukera hori geldiarazteko borondatea erakutsi duela. «Klima aldaketa eragiten duten gasen isurketa goren mailara heldu den tenore honetan, Miarritzek ez du deus egiten CO2 isuria gelditzeko», erran du Mattin Ihidopek taldearen izenean. Auzapezaren jarrera salatzeko, bizikleta bat apaindu dute Miarritzeko koloreekin, eta ondoko egunetan Miarritzeko karriketan aurkeztuko dute, nahi duten herritarrek argazki bat egiteko haren gainean. Heldu den larunbatean bizikleta auzapezari eskura emateko ahalegina eginen dute.

Donostian, bestalde, lehen masa kritikoa ospatu zuten atzo arratsaldean; munduko zenbait hiritako txirrindulariek hilean behin ospatzen duten ekintza da, eta bildutako bizikletazale guztiek hirian barrena ibilaldi bat egitean datza. Horretatik abiatuz, Donostian lehen aldiz egin zuten atzo masa kritikoa. Bizikletazale orok dituen kezkak plazaratzeko, hiri guztia zeharkatu zuten bertara bildutakoek; 19:30ean abiatu ziren, Bulebarreko plazatik, norbere bizikletarekin. Hirian bizikletak duen lekuaz kezkatuta edota bizikletazale moduan izan ditzaketen segurtasun faltak arduratuta joan ziren gehienak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.