Zirkulazioa

Bizikletan kaskoa eramateari buruzko erabakia atzeratu egin du Espainiako Gobernuak

Lege aurreproiektuak adingabekoei baino ez die agintzen bizikletan kaskoa uneoro eramateko, eta Zirkulazio Araudian zehaztuko dute adinez nagusiak diren txirrindulariek zer egin beharko duten. Droga eta alkohol kontsumoagatiko isunak 1.000 eurora igo dituzte.

Erredakzioa
2013ko uztailaren 26a
17:52
Entzun

Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espainiako Legea aldatzeko aurreproiektua aurkeztu du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Zenbait alorri buruzko araudia aldatu arren, azken hilabeteotan eztabaidagai izan den txirrindularien kaskoari buruzko erabakia ez du guztiz argitu. Hain zuzen ere, lege aurreproiektuak txirrindulari adingabeei baino ez die aginduko kaskoa eramateko, bai hirian, bai hiritik kanpo. Adinez nagusien kasuan, aurreko araua mantenduko du —hiritik kanpo kaskoa derrigorrezkoa da—, eta hiri barruari buruzko erabakiak etorkizunean moldatuko duten Zirkulazio Araudiaren esku utzi du.

Halaber, abiadura aldaketarik ere ez dago zehaztuta Fernandez Diazek aurkeztutako aurreproiektuan. Hori egin beharrean testua "sinpleagoa" egingo du, eta abiadurari buruzko erabakiak aipatu Zirkulazio Araudian hartuko direla aurreratu du.

Ordea, lege aurreproiektuak errepideko radarrei buruzko erabakiak hartu ditu. Orain arte arautu gabe zeuden, baina, testua onartzen denetik aurrera, debekatuta egongo dira. Gailu horiek abiadura kontrola saihesteko helburua dutela uste du Barne Ministerioak, eta, horrenbestez, horien erabilera ahalbideratzea "kontraesankorra" dela gaineratu.

Autoan adingabeak eramateko araudia ere legetik atera, eta araudi bidez zehaztuko du. Europako Batasunetik datozen agindutako neurriak azkar aldatzen ari direla azaldu du ministroak, eta, horrenbestez, araudi bidez neurriak egokitzeko "malgutasun" gehiago egongo dela aurreratu du. Gaur egun araudiak dio 12 urtetik beherakoak ezin direla aurreko eserlekuetan eseri, homologatutako gailurik erabili ezean. Halaber, 3 urtetik beherakoek umeek atxikitzeko sistema bereziak erabili behar dituzte.

Droga ilegalei eta alkoholari buruzko araudia gogortuko dute Trafiko eta Bide Segurtasuneko Espainiako Legea aldatzeko aurreproiektua onartuz gero. Gaur egun 500 euroko isuna jartzen diete droga ilegalak kontsumituta edota alkohol gehiegi edanda gidatzen dutenei. Etorkizunean 1.000 euroko isuna jartzea zehaztu dute proposamenean. Horrez gain, drogak antzemateko sistema listuaren bidez izango da. Gailu horiek "juridikoki seguruak" eta "polizia aldetik bideragarriak" direla azaldu du Fernandez Diazek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.