2015eko abenduan Poliziak atxilotu zuenetik kanporatzeko agindua mehatxu izan du Cheikhouna Diengek. Senegalen sortua da, baina Iruñeko Txantrea auzoan bizi da. Agindua heldu zenerako aski errotuta zegoen hirian, eta berehala mobilizatu zen jendea migratzaile gaztearen alde. Atzo gutun baten bidez haren babes taldeko kideek jakinarazi zuten lan kontratu bat lortu duela orain, eta horren ondorioz bizileku baimena eskuratu duela. Iruñeko gizarteak, oro har, gaztearen aldeko elkartasun keinu ugari izan dituela nabarmendu nahi izan dute, eta "eskertu" egin behar dela hori: Txantreako jaietako suziria bota du, herri sanferminetako hasierakoa, Korrikako lekukoa eraman zuen iaz, haren aldeko agerraldi jendetsuak egin dira...
Epaitegietan haren egoera konpontzeko ahalegina egin zuten, baina ezin izan zuen aldeko sententziarik lortu. Horregatik, azkenaldian mobilizazioak alde batera utzi, eta migratzaile gaztearen aldeko lan "diskretua" lehenetsi dute babes taldeko ordezkariek, eta, adierazi dutenez, horrek ekarri du bizileku baimena eskuratzea. Baimen hori berritzen jarraitu beharko du oraindik ere, eta behin betiko paperak lortzeko bidea "iraupen luzeko lasterketa bat" izango dela oroitarazi dute.