Bizirako eskola eraiki nahian

Ipar Euskal Herriko guraso talde batek Bizitokia egitasmoa plantan ezarri nahi du irailerako. Informazio bilkura ugari egin dituzte, eta dei egin diete herritarrei egoitza atzemateko.

Bizitokiaren egitasmoaren aurkezpen batean, umeak txalaparta jotzen. BERRIA.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriak bertze ikastola bat ukan dezake heldu den irailean, Bizitokia deritzon egitasmoaren bitartez. Bada denbora taldetxo bat osatu eta gogoeta sakon bati ekitea deliberatu zutenetik. Eskola eredu klasikoa gainditu, eta bizirako eskola egin nahi dute. Edota, hautatu duten izenak dioen gisara, bizi-toki bat eraiki nahi dute, bertze balio batzuk partekatzeko.

Hamar bat lagunek osatu eta bultzatu dute xedea. Ardatz nagusia ere finkatu dute. «Bizitokia xedean parte hartzen dugun helduok balioak partekatzen ditugu, eta, gure ekintzen bidez, bizia edertzen lagundu nahi dugu», diotepartaideek.

Egitasmo mardula da, korapilatsua, behetik gora egitekoa dagoena osorik. Taldean osatua, taldean landua. Geroa eta bilakaera ere taldean hausnartu eta erabaki nahi dituzte. Bizitzak atal ugari dituela diote, horietako bat delarik eskola. Preseski, erabakietan ez eragiteko eta edukiak libre hautatzeko, ez diote eskola hitzarmenik eskatuko Frantziako Hezkuntzari. Aldiz, dirua emanen balie, onartuko liokete. Baina ordainean ez diote onartuko hertsadurarik ezartzea. Bizitokiko partaideek erabaki nahi dute zer landu haurrekin, noiz, nola.

Dagoeneko dei publikoa egin diete herritarrei, balizko ikastola kokatzeko edo eraikitzeko. Jorratzen ari den egitasmo bat da, eta, zergatik ez, biharko egunean Seaskaren barnean egon daiteke. Baina ez dute xedea mugatzea nahi. Seaskaren barnean egon edo ez, ikastola hori eraikitzeko erabakia hartu dute.

Bizitokiaren bultzatzaileek badakite zaila izanen dela ibilbidea. Lehenik, ikastola sortzea da berez erronka, eta, ondoren, bi parteek onartuko balute, Seaskaren barnean funtzionatzea, jakinik Seaskak berak bete beharreko hitzarmenak dituela eta gerta daitekeela ikastolen koadroa eta Bizitokia egitasmoa ez izatea bateragarriak.

Bizitokia xedea gauzatuko dela bermatzen dute sustatzaileek. Dagoeneko esperientzia gisa abiatu da, eta bost haur daude. Bederen dozena bat haur egotea espero dute heldu den sartzerako. Baina kopurua ez da ez lehentasuna ez muga. Irailean abiatuko dute. Xedearen edukiari ematen diote garrantzia, kontzeptuari. Lehenik eta behin, egitasmo pedagogikoa ez dagoela itxirik nabarmendu dute. Lerro nagusiak edo nondik norakoak finkatu dituzte; ez, ordea, xehetasunak.

Elkarte egitura

«Gure eguneroko oinarrizko beharrak guhaurrek asetzea (elika-gaien ekoizpen eta landaketa kolektiboaren bidez, etxe eraikuntza, gauzak egin eta konpontzeko tailerrak...) ahalbidetzen duten gaitasunak gureganatzeko, helduentzako eta haurrentzako jarduerak antolatu nahi ditugu», azaldu dute antolatzaileek. Testuinguru horretan hausnartzen dute haurren eskolaratzeaz; ale- gia, ikastola bizi-eremu eta molde horretan kokatzea, eta ez kontrakoa, bizia eskolari moldatzea.

Bizitokia ikastolak 1901 legeko elkarte izaera du. Bere programak eraikiko ditu haurrak oinarrizko ezagutzaz jabetuko direla bermatu nahian. Ordutegiak eta irakaskuntza antolaketa hautatzen ditu. Gisa berean hautatuko ditu irakaskuntzan esku hartuko duten pertsonak eta haien lan kontratuak, horren beharrik balego.

Bizi kolektiborako irakaskuntzan, jarduera antolaketan eta ezagutzen transmisioan, gurasoen esku hartzea lehenesten dute. Guraso bakoitzak Bizitokia ikastolaren gogoeta eta jarduera pedagogikoan esku hartzen du, gutxi edo asko, bere ahalen arabera. «Guraso guzien esku hartzea bere ahalen mugara heldu delarik, gaitasunen edota denboraren mugara, beste pertsona batzuk esku harrarazten ditugu, ahalaz musutruk». Bizitokiak saihestu nahi du haurra gurasoen begiradapean egotea luzaroan. Baina, aldi berean, «irakasle orojakilearen» irudia ere saihestu nahi du, eta jakintzen barneratzea hobetsi.

Eredu berritzailea

«Hainbat autore (Bruno Bettelheim, Bernard Aucouturier, David A. Sousa, Britt-Mari Barth, Antoine de La Garanderie, Philippe Meirieu...) eta frantses hezkunde nazionaleko ama eskoletako programak aztertzen ari gara», diote Bizitokiren sustatzaileek garatu nahi duten pedagogiaren nondik norakoak azaltzean. Teorikoki iturri ezberdinak aztertu dituzte, eta landu. Teoriak finkatzeko, irakurketa zabala egin dute, baita bidaiak egin Europan barrena. Esperientziak taldean aurkeztu, eta guztien artean hartu behar den ildoa ebatzi nahi dute.Taldekako gogoeta nahiago dute. Hori dela eta, informazio bilkurek berebiziko garrantzia daukate. Oraindik ez dute ebatzi non kokatuko den ikastola. Gutxieneko kopurua behar da, eta horrek baldintza material batzuk eskatzen ditu. Baina galderari talde ihardespena eman nahi diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.