Bizkai eta Gipuzkoako kostaldea hirigintza planen mehatxupean dela dio Greenpeacek

Erakunde ekologistaren ustez «gero eta txarragoa» da egoera, eta babes neurri orokorrak eskatu ditu

inaki petxarroman
2007ko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Greenpeacek panorama iluna iragarri du Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldearentzat. Erakunde ekologistak egindako txostenaren arabera, dauden hirigintza proiektuak gauzatuz gero, 171.900 etxebizitza edo hotel eraikiko dituzte hurrengo urteotan bi lurraldeotako kostaldean. Eraikitzeko plan horiek herritarren beharretatik «oso urruti» daudela dio Greenpeacek.

Bizkaiko Zatikako Lurralde Plana aipatu du adibide moduan erakunde ekologistak. Izan ere, 300.000 biztanle gehiago jasotzeko adina etxebizitza egiteko asmoa du planak Bilboaldean, nahiz eta ingurune horretan biztanleen beherakada gertatzen ari den urtetik urtera, 1980ko hamarkadaz geroztik. Eraikitzaileen «interes espekulatiboak» ikusten ditu Greenpeacek operazio horien atzean; eta baita kostaldeak duen beste arrisku baten atzean ere: etengabe zabaltzen ari diren kirol eta merkataritza portuen atzean, hain zuzen ere. Erakunde ekologistaren ustez, «gero eta txarragoa» da kostaldearen egoera, eta babes neurri orokorrak eskatu ditu. Ondokoak dira, atalka, Greenpeacek ikusten dituen arrisku nagusiak.



Hirigintza proiektuak

Euskal kostaldeak duen arriskurik handienetakoa hirigintza planek ekartzen dutela uste du Greenpeacek. Erakunde ekologista «kezkatuta» dago EAEko Lurzoru Lege berriaren atal batzuekin. «Gertutik jarraitu beharko dugu Mediterraneoko kostaldean ikusi ditugun hirigintza praktikarik kaltegarrienak hona ekartzen ez dituela frogatzeko».

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan azken 20 urteotan historia osoan bezainbeste lur okupatu dela ohartarazi du Greenpeacek. 23.607 hektarea zeuden okupatuta 1987an, eta 47.295 daude egun, Eusko Jaurlaritzaren beraren arabera. Gainera, erakunde eta udal ezberdinen hirigintza planei erreparatuz gero, hiru probintzia horietan 100.000 etxebizitza gehiago egiteko adina lur gordeta dagoela gogoratu du. Ildo horretan, eraikuntza proiekturik arriskutsuenak kostaldean daudela ohartarazi du Greenpeacek, bereziki Bizkai aldean. Herri eta hiri askotan aurreikusita dauden hirigintza planen xedea «eraikitzaileen onura ekonomikoa» bilatzea dela uste du, eta ez herritarren beharra asetzea. «Lurraldea hondatzen dute, herritarren bizikalitatea kontuan eduki gabe», salatu du.

Bakioko adibidea azpimarratu du Greenpeacek, Espainiako Mediterraneoko «joera espekulatibo bera» atzeman baitu herri horretako Ohijako zatikako planean: golf zelai bat egin nahi dute, eta 424 etxebizitza harekin lotuta. Greenpeaceren ustez, golf zelaiak garestitu egiten du etxebizitzaren prezioa. Eraikuntza berriak Gaztelugatxeko biotopo babestutik gertu egotea nabarmendu du.

Getxon 8.380 etxebizitza berri egiteko plana kritikatu du, eta baita Sopelan 5.000 eta 8.000 etxebizitza berri egiteko plana ere, nahiz eta herri horretako Udalak berak ez dituen beharrezkotzat jotzen.

Urdaibain «legez kanpo» eraikitako etxebizitza eta hotelak legeztatzen saiatzen jarraitzea leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 2005ean emandako epaiaren gainetik.



Portuak

Euskal kostaldearen beste «mehatxu» handi bat dauden portu proiektuek ekartzen dutela dio Greenpeacek. Hor bereziki nabarmendu du Pasaiako kanpoko portuaren proiektua. Greenpeacek gogoratu du portua egin nahi duten gunea «garrantzi ekologiko» handikoa dela, eta horregatik dagoela babestuta bai Europako erakundeen aldetik eta baita Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere. Beste hainbat lekutan egindako proiektuen arrisku bera ikusten du kasu honetan ere Greenpeacek: «Izugarri errentagarri bilakatzen dira eraikitzen dutenentzat, eta baita portuaren instalazio zaharren lurren balioa birkalifikatzen dutenentzat ere. Beraz, portu espekulazioa da hau, hirigintza espekulazioaren aldagai bat baino ez».Egoera hori portuetako eta Ingurumenetako agintariek ontzat jotzea «esplikaezina» dela esan du.

Erakunde ekologistek gogor salatu duen beste kasua da Mutrikuko portuarena. «Portua Ingurumen Eraginaren Azterketa prozesu egokirik gabe egin da». Hala, proiektuaren inguruan «irregulartasun ugari» azaldu direla gogoratu du, eta hauxe da ondorio: «Itxura guztien arabera, kirol portu erraldoi pribatua egiten ari da diru publikoarekin». Orio eta Hondarribiko kirol portuak ere gaitzetsi ditu.



Klima aldaketa eta hondartzak

Greenpeaceren irudiko, euskal kostaldeak duen «mehatxurik handienetakoa» klima aldaketaren ondorioz etor liteke. Hain zuzen ere, ur maila igotzeak Bizkaiko eta Gipuzkoako hondartza ugari desagerrarazi ditzakeela dio. Adituen arabera, Bizkaian hondartzen %45 eta Gipuzkoan %70 gal daitezke. Greenpeacek gogoratu du kostaldearen itxura aldatzen ari dela urtetik urtera, gizakiaren eraginez. Hala, 1987 eta 2000 bitartean kostaldearen artifizialtzea %14 handitu zela adierazi du. Bestetik, egun 43,8 hektarea duna daudela gogoratu du, jatorrizko kopuruaren %17 bakarrik.



Kutsadura

Euskal kostaldean dagoen kutsadura ere gaitzetsi du Greenpeacek. Hala, Bizkaiko hiru udalerritan-Bermeo, Mundaka eta Barrika-, eta Gipuzkoako batean-Donostia- hondakin uren Europako direktiba ez dutela betetzen salatu du. Halaber, Saturraran (Mutriku), Toña (Sukarrieta) eta Oribarzar (Orio) hondartzetan uraren kalitatea ez dela bainatzeko egokia ohartarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.