Bizkaiak bosgarren edukiontzia ipiniko du lurraldean

Ekologistak Martxan-ek ontzat jo du Gipuzkoako atez ateko sistema, eta kritikatu egin du Bizkaiaren erabakia

jon eskudero
2012ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Zabor organikoa birziklatzeko baliagarri den bosgarren edukiontzia lurralde osora zabalduko du Bizkaiko Aldundiak. Halaxe jakinarazi zuen atzo Juan Mari Aburto aldundiko bozeramaileak. Haren arabera, Bilboko Deustu auzoan egindako probak emaitza onuragarriak utzi ditu, eta horregatik hartu dute erabakia. Bildutako hondakin organikoa Artigasko konpostatze plantan tratatuko dute, ondoren lorturiko konposta lorezaintza lanetan erabili ahal izateko.

Behin betiko dekretuak adierazten duenez, bosgarren edukiontziaren ezarpena diruz laguntzeko onetsitako kopurua 650.000 eurokoa da. Diru laguntza hori izango dute udalek zein mankomunitateek edukiontzia ipintzeko. 500.000 euro erabiliko dituzte kalean edukiontziak jartzeko, herritarrentzako konposterako poltsak erosteko eta edukiontziak irekitzeko beharrezko izango diren giltzak erosteko. Gainontzeko 150.000 euroak, berriz, herritarrak behar bezala informatzeko erabiliko dituzte.

Iazko otsailean ezarri zuen Bizkaiko Aldundiak bosgarren edukiontzia Deustuan. Helburua zen sistema probatzea eta ondorioak ateratzea. Zehazki, 50 zabor ontzi jarri zituen, eta auzokideak boluntarioki aritu dira etxeko hondakin organikoak bertara eramaten. Aburtoren arabera, esperientzia «ezin hobeto» joan da, eta erronka da Bizkai osoan emaitza berak lortzea.

Ekologistak, konforme ez

Ekologistak Martxan-en ustez, Bizkaiak harturiko erabakia ez da egokia: «Bosgarren edukiontziari esker zabor organikoaren %4 konpostatzea espero du aldundiak; atez ateko sistemarekin, berriz, %100 konpostatzen ari dira Usurbilen (Gipuzkoa). Bizkaiak zaborraren gaiaren inguruan dauzkan helburuak ez dira egokiak». Gipuzkoako atez atekoarekin gustura daudela adierazi dute ekologistek.

Dena den, herri guztiek sistemaren aldeko apustua egin beharko luketela adierazi dute: «Kontsumoa gutxitzearen eta zaborren kopurua gutxitzearen aldekoak gara, eta birziklatzea bultzatu behar dela aldarrikatzen dugu. Azken finean, horixe baita hondakinen arazoa konpontzeko giltza. Legedia aldatu behar da, udalerrietan birziklatzera derrigortzeko».

Hori lortzeko, instituzioen laguntza eskatu du elkarteak, baina, batez ere, herritarren parte hartzea; «birziklatzea erosoa izan ez arren, beharrezkoa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.