HEZKUNTZA

Bizkaian %90eko erantzuna izaten ari da eskola garraioko begiraleen greba, ELAren arabera

Sindikatuak esan duenez, laurogei lagun inguru elkartu dira Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren atarian, lan hitzarmena erreformaren aurrean babesteko eskatuz. Gipuzkoan erantzuna %60koa izaten ari da; Araban, %50ekoa.

Berria.info
2014ko urtarrilaren 13a
14:31
Entzun

Eskola umeak autobusean eta jolastokian zaintzen aritzen diren begiraleek grebara jo dute gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lan hitzarmen berria eskatzen ari dira. Gaur-biharretan egingo dute lanuztea, eta hilaren 20an, 21ean eta 22an ere bai.

Akordiorik ez badute lortzen, sindikatuek ohartarazi dute urtarrilaren 27tik aurrera greba mugagabera joko dutela. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek egin dute protestarako deialdia. Aurrez ere egin zituzten lan hitzarmen berria eskatzeko protestak, urrian eta azaroan. Sektoreko enpresak "geldirik" daudela salatu dute beharginen ordezkariek.

Gutxieneko zerbitzurik ez dago greban, hori erabaki baitu Lan Zuzendaritzak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak azaldu du 12 urte baino gutxiagoko ikasleek nahitaez joan behar dutela zaintzaileekin autobusean —Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleek—; hortik gora, zaintzaileekin joan beharrik ez daukate. Arazoak izan daitezke umeekin, hortaz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 25.000 ume joaten dira eskolara autobusean, eta 500 begirale inguruk dihardute lan horretan.

ELAren arabera, grebaren erantzuna Bizkaian %90ekoa izaten ari da; Gipuzkoan, %60koa; eta Araban, %50ekoa. Grebaren deitzaileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilbon, Eusko Jaurlaritzako egoitzaren aurrean. Lan hitzarmen berria "gotortua" egoteko eskatu dute, Espainiako lan erreformaren aurrean. Halaber, soldata igoera eskatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.