Fipronil izeneko pestizidarekin kutsatutako arrautzak atzeman zituzten Bizkaiko enpresa batean, abuztuaren 11n. Arrautza likidoa zuten 20.000 ontzi ziren, hogei tona inguru, eta kontsumo katean sartzea galarazi zuen Jaurlaritzak.
Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez, arrautzak ez zeuden kutsatuta. Elikagai eta Pentsuentzako Alerta Azkarreko Europako Sistemak Jaurlaritzari jakinarazi dio aztertutako arrautzetan ez dutela topatu fipronil maila esanguratsurik, eta, beraz, zirkulazioan jar dezaketela atzemandako arrautza kopurua.
Jaurlaritzako Osasun Sailak azaldu du kontrol sistema guztiei eutsiko diela eta "adi" egongo dela, kutsatutako arrautzarik kontsumo katean sar ez dadin.
Azken asteetan Europan bolo-bolo ibilitako gaia Euskal Herrira iritsi zen abuztuaren 11n. Frantziatik bidali zituzten Bizkaian atzemandako arrautza kutsatuak. Frantzian dago, hain zuzen ere, fipronil pestizida erabili duen enpresa. Europako Batzordeak jakitera eman zuenez, kutsatutako elikagaia Europako lau estatutako enpresek merkaturatu dute: Belgikan, Herbehereetan, Alemanian eta Frantzian. Aurreneko bi estatuetan daude enpresa gehienak, batzordeak ikertu duenaren arabera.
Enpresa horiek merkaturatutako arrautza kutsatuak hainbat estatutan atzeman dituzte, ekainean lehen kasuaren berri eman zenetik: Austria, Luxenburgo, Italia, Irlanda, Eslovakia, Errumania, Suedia, Erresuma Batua, Danimarka, Polonia, Suitza, Txina...